Kolonbiatik Santa Agedan jasotako dirua eskertuz

Estibalitz González 2025ko api. 18a, 07:05

Kolonbiako Barranquilla hirian dagoen Santa Maria de la Providencia ikastetxera bideratu da aurten ere Santa Agedako kantu-jiran batutako dirua eta bertatik eskerroneko bideo bat bidali diote parte hartutako abeslari taldeari.

Barranquillan bizi eta bertan eskolak ematen diharduen Mireya Suarezen bitartez jakin zuten Santa Ageda abesbatzakoek ermuarraren ikastetxean egoera zaurgarrian zeuden familiak bazirela eta, haiei laguntze asmoz, azken urteetan bertara bideratu dituzte santa-eskean egin osteko diru-bilketa. Herritarren aurtengo ekarpena 345,81 eurokoa izan da eta Kolonbiatik jakitera eman dutenez, sosa horiei esker bermatuta dute zazpi neska-mutikoen eguerdiko jatordu “zoragarria” hiru hilabetez. 

Eskertzeko bidali dituzten bideo eta argazki-sortan, besteak beste, ikastetxeko jangelan egunero otordu gozo bat izateak ematen dien lasaitasunaz hitz egiten dute, baita jasotakoari esker irribarre gehiago egiteko arrazoia dutela, eta osasuntsu eta indartsu amets egiten jarraitzeko ilusioa ere.