Arantza Cazalis Izarra idazlea hil da Estatu Batuetan

Libe Solozabal 2025ko api. 23a, 07:19

Ermura liburua aurkeztera etorri zenekoa. Argazkiak: Udala.

Arantza Cazalis Izarra (1929-2025), Growing up in a time of war (euskaraz, Gerra-denboran hazten) liburuaren autorea 96 urterekin zendu da apirila hasieran Seattle hirian, Washingtongo estatuan.

Ermuko alde zaharrean jaio zen, Izelaieta kalean. Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz, haurra zela, utzi behar izan zuen jaioterria. Ama bonbardaketa batean hil, eta aita kartzelan sartu zutenez, osaba-izeba eta bi nebekin Katalunia eta Frantziatik igaro ostean, errefuxiatu gisa Dominikar Errepublikara iritsi zen itsasontziz. Urte batzuk Ciudad Trujillon bizi eta gero, Mexikora joan ziren. Handik, Espe Alegria lehengusinaren laguntzaz, Boisera bidaiatu zuen. Azkenik, Estatu Batuetan geratu zen bizi osorako.


Gaztetako argazkia. Iturria: The Seattle Times.

2011. urtean, Growing up in a time of war izeneko liburua kaleratu zuen, non haurtzaroko memoriak biltzen dituen. Bertan kontatzen du nolakoa zen bizimodua Ermuan txikia zenean, alaitasunez oroitzen dituen urteak. Gerra piztean, ordea, egoera zeharo aldatu zen eta familiak ihes egin behar izan zuen. Liburua ingelesez idatzita dago, urteen poderioz ama-hizkuntza galdu zuelako. Argitaratu zuen urtean Ermura etorri zen aurkezpena egiteko, eta liburutegian eskura daiteke berak sinatutako alea.


Liburuaren azala.