Jarraian, Pasialeku Jubilatuen Etxearen maiatzeko programaziora eta ekintza desberdinetarako zabaldutako izen-emateak:
Arriskuak identifikatzeko tailerrak
"100 aldiz begiratu" egitasmoak egun osoko egitaraua programatu du maiatzaren 5erako. 11:00etatik aurrera, furgonetatxoa eta karpa ipiniko dute plazan, eta jarduera desberdinak antolatuko dituzte. Goizez 14:00ak arte egongo da zabalik, baina arratsaldean ere egongo dira, 16:30etik 19:30etara.
Horrez gain, saio partehartzailea eskainiko dute Jubiletxean. 16:30etik 18:00etara izango da eta parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute bertako bulegoan —goizez, 10:00etatik 12:30era bertaratuta, edo telefonoz, 943 17 44 17 zenbakira deituta—. Saioa bukatzean eta programazioa borobiltzeko, umorezko bakarrizketa eskainiko dute bertan. Kasu honetan sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.
Mugikorra erabiltzeko ikastaroak
Mugikorra erabiltzen ikasteko tailer desberdinak. Apirilaren 28an egin zuten lehena, smartphone baten oinarrizko erabilera esplikatzeko eta maiatzean gai espezifikoak ikasiko dituzte. Ikastaro guztiak astelehentan izango dira, 10:00-12:00 bitartean, jubiletxean bertan.
Maiatzaren 5ean, WhatsApp bat-bateko mezularitza aplikazioa erabiltzen ikasteko saioa egongo da. Hurrengo astean, maiatzaren 12an, webguneen erabilera ulertzeko, posta elektronikoa erabiltzeko eta sarean segurtasunez nabigatzeko argibideak emango dituzte. Bukatzeko, maiatzaren 19an, egunerokoan erabilgarri izan daitezkeen aplikazioak erakutsiko dituzte.
Tailerrak gazteleraz eskainiko dira eta doakoak dira. Interesa dutenek 944 268 844 telefonora deitu edo adiskidetza.digitala@bizkaia.eus helbidera idatz dezakete apuntatzeko.
Portugalera bidaia
Pasialeku Elkarteak antolatuta, ostiral honetan Benidormerako bidea hartuko dute jubilatuek eta hantxe egongo dira hilaren 18ra arte. Oporraldi hori itxita dago jada, baina ekainerako beste bidai bat antolatu dute: Sei eguneko egonaldia Portugalen. Fatima hiriko hiru izarreko hotel batean hartuko dute ostatu eta egunero toki desberdinak bisitatzeko aukera izango dute: Fatima, Coimbra, Batalha, Alcobaça, Nazaré... Ibilbide osoan autobus 'moderno' batean bidaiatuko dute, pentsio osoa izango dute ardo eta urarekin, bazkariak jatetxeetan, ibilaldietarako turismo-gidaria eta baita bidaia-aseguru osoa ere.
Izen-ematea pasa den ostiralean ireki zuten eta interesatuak elkartearen bulegoan inskribatu daitezke. Prezioa pertsonako 580 eurokoa da, bi lagunentzako gelan. Gela indibiduala eskatzeko aukera ere badago, 160 euroko gehigarria ordainduta.
Kantu eta antzerki taldeak
Maiatzean kantu taldea jarriko dute martxan, non "bazkalostean betidanik abestu diren kantak" ikasi ahalko diren. Saioak astelehen eta asteazkenetan izango dira, 17:00etan, jubiletxean bertan. Interesatuek izena eman behar dute, bulegora bertaratuta edo 943 17 44 17 telefonora deituta.
Bestalde, uda ostean antzerki ikastaroak eskaintzeko asmoa dutela jakinarazi dute, eta saioak urritik aurrera izango diren arren, guztia ondo antolatzeko izena emateko deia zabaldu dute orain.