Lauko Ermuko Errotabarri geldiezin, Urrezko Ohorezko mailara bidean

Ander Gomez 2025ko mai. 5a, 07:04

Azken bi asteburuetan, eskubaloiko Zilarrezko Ohorezko mailako zortzi taldek mailaz igotzeko kanporaketa jokatu dute. Lau talde sailkatu dira, tartean Errotabarri, Toledoko Ciudad Imperialaren kontra gailendu ostean. Gaur arratsaldean zozkatuko dituzte azken fase honetako partidak.

Bideoan, atzo Toledotik ailegatzean familiek, lagunek eta klubeko jokalari gazteek egin zieten ongietorria ikusgai. Irudiak: Estibalitz González.

Igoera faseko aurretiko kanporaketan, Ermuko Errotabarriko senior taldeari Toledoko Casa Álvarez Ciudad Imperialaren aurka lehiatzea tokatu zitzaion. Apirilaren 26an neurtu zituzten indarrak lehen aldiz, Ermuan, eta etxeko abantaila ondo baino hobeto aprobetxatu zuten: Errotabarriko neskek 22-19 irabazi zioten Imperialari. Bigarren hitzordua zapatu honetan izan dute Toledon eta, apur bat gehiago sufritu arren, berdinketa lortu zuten azkenean, 20-20, igoera faserako sailkatuz. Ermuarrekin batera, Lleida Handbol Club, Oar Gracia Sabadell eta Schär Colores Zaragoza taldeak pasa dira.

Igoera faseko egutegia gaur zozkatuko da, 17:00etan, Espainiako Eskubaloi Federazioaren Youtubeko kanaletik zuzenean. Lauko Ermuko Errotabarriren lehen aurkaria zein izango den jakiteko, jarraitu gaur arratsaldeko zuzenekoa hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.