Alboka Musika Eskolako Bandak eta Korrontzi folk taldeak kontzertua eskainiko dute maiatzaren 9an, 20:30ean, Ermua Antzokian. Guztira ia 30 musikari igoko dira eszenatokira (ikasleak, irakasleak eta irakasle ohiak barne), Korrontzi taldearen lau kideekin batera, eta elkarrekin 13 kantu eskainiko dituzte.
Albokako kideak azaroaren bukaeran hasi ziren entseatzen, eta azken entseguak apirilean burutu ziren: apirilaren 2an azken-aurrekoa (abestien moldaketak egin dituen Xabier Zabala musikariarekin batera), eta apirilaren 30ean azkena.
Kolaborazioak
Albokako Bandak bi urtetik behin egiten ditu kolaborazioak abeslari eta talde ezagunekin, eta 2023an Sorotan Beleren ondoan aritu zen, 2021ean Serafin Zubirirekin jo zuen eta 2019an Celtas Cortosekin.
Emanaldia ikusi nahi dutenek 10 euroko sarrera ordaindu beharko dute, eta hauek salgai daude dagoeneko Lobiano Kulturgunean (Goienkale kalean), tickets.kutxabank atarian eta Kutxabankeko orotariko kutxazainetan.