2013-2014 urteetako gaztetxoek Getxon eman zuten zapatu goiza, Bizkaiko atletismoko finalak jokatzen, eta txapeldun bueltatu ziren Ermura.
Mikel Gisasola Cuevasek garaipena lortu zuen pisu-jaurtiketako modalitatean, 2 kiloko pisua 9,32 metrora jaurtitzea lortuz. Horrez gain, azpitxapeldun geratu zen 60 metro lauetan, 8,55 segundutan eginez (irabazlea 8,49 segundu eskasera geratu zen). Ander Jurado Longartek ere bigarren postua egin zuen 60 metro lauetako beste final batean, 9,76 segunduan amaituz (irabazleak 9,43 segundu egin zituen).
Gisasolak egin bezala, beste urre eta zilar bana lortu zituen Reyk
Libe Rey Garciak 2 kiloko pisu-jaurtiketaren finala irabazi zuen, 7,90 metroko jaurtiketa eginda. Bigarren postua altuera-jauzian lortu zuen: Galdakaoko taldeko June Barroetaren jauzia berdindu zuen (1,28 metro), baina galdakoztarrak hirugarren saiakeran lortu zuenez eta Reyk lehenengoan, ermuarrak jaso zuen zilarra.
Ez zuten altuera-jauziko urrea alde egiten utzi
Altuera-jauziko urre horren bila sartu zen pistara Aicha Tou Moussa Tambouro ermuarra. 1,28 metroak gainditzeaz gain, hurrengo 1,31 eta baita 1,34 metroak saltatu zituen, lehenengo saiakeran eta garbi, merezitako lehen postua lortuz. Luzera-jauzian ere probatu zuen Tou Moussak: Zeuzkan lau saiakeretatik bigarrena izan zen onena (3,85 metro) eta horrek eman zion brontzea; nabarmentzekoa, aurkariak 3 zentimetro eskasengatik lortu baitzuen zilarra. Nahia Vázquez Torres ermuarrak ere luzera-jauzian jardun zuen, eta Aicharen marka berdina lortu zuen (3,85 metro). Berdinketa hausteko, bigarren jauzirik onena hartzen da kontuan, eta kasu honetan Aicharen bigarren jauzirik onena (3,80 metro), Nahiarena baino hobea izan zen (3,74 metro).
1.000 metroetan ere zilarra
Lander Tapia Samamedek denboraldi bikaina egin du krosean, eta pistan ere ederto dabil. 1.000 metroetan jardun zuen larunbatean, eta hasieratik lehen postuan jarri zen, denboraldi osoan bere aurkari zuzena izan den Markel Garcia muskiztarraren aurretik. Azken buelta hasi eta gutxira, Markelek aurrea hartu zion Landerri eta, gogoz ekin arren, ermuarrak ezin izan zuen lehiakidea harrapatu. Azkenean, zilarrezko domina lortu zuen Tapiak, 3:14,57 markarekin. Lander luzera-jauzian ere saiatu zen. Lau saiakeretatik, azkenengoa baliogabetu zioten eta lehenengo saltoan egindako markarekin geratu zen (4,04 metro). Dominarik lortu ez arren, bosgarren postu ederra eskuratu zuen.
Gainontzeko kirolariek ere marka bikainak
Leire Vázquez Santos 1.000 metroetan aritu zen, eta denboraldiko bere marka pertsonala hobetu zuen: 3:57,68. Ander Jurado Longartek oso marka ona egin zuen 60 metroetan (9,76) eta Naia Dieguez Bustillok bere marka pertsonala gainditu zuen luzera-jauzian (3,47 metro) eta pisu-jaurtiketan (6,65 metro).