Maiatzaren 17an ospatzen da Galiziar Letren Eguna. Aurten zapatua suertatu da, baina, ohi moduan, aste osoko programazioa prestatu zuten Ermuko Galiziar Zentroko kideek:
Jokoak eta jan-edana ugari
San Isidro kalea karpaz bete zuten, eta olagarroa eta bestelako Galiziako produktu tipikoak (txurraskoa, txorizo kriolloa, enpanadak...) eskaini zituzten. Queimada herrikoia ere egin zuten, ostiraletik larunbaterako gauean. Gainera, Letra Galiziarren asteak iraun bitartean txapelketa bat antolatu zuten egunero, eta herritarrek tutean, igel-tokan, musean, futbolinean eta chavean lehiatzeko parada izan zuten.
Musika eta dantza eten barik
Bertako zein inguruko zentro kulturaletatik etorritako musikari eta dantzarien emanaldiak ez ziren falta izan, hala nola: Txindurriko umeen dantza erakustaldia, Extremadurako Zentroko kideen koru eta dantza ikuskizuna, Novos Mariñeiros gaitari eta dantzari ondarrutarrena, eta Os Galaicos talde eibartarraren ohiko "gaita-poteoa". Asteburu gauak ere doinuz bete zituzten Begibide erromeria ermuarraren kontzertuarekin, Dj Che-ren saioarekin, eta Pontevedrako Alabama orkestraren larunbateko eta igandeko kontzertuekin, plazan muntatu zuten eszenatoki erraldoian eskainiak.
Pandereteirak omentzeko jaia
Edizio guztietan artista galego bat omentzen dute. Aurtengo Letra Galegoak, Adolfina eta Rosa Casás, Eva Castiñeira, Manuela Lerma Villar, eta Prudencia eta Asunción Garrido pandero-joleei eskaini dizkiete.