Ermuko elkarte kultural desberdinen sorrerari buruzko mahai-ingurua antolatu zuen Euskaltzaleen Sareak, Euskaraldian Bagara programazioaren baitan. Alazne Aiestaran kazetari ermuarrak gidatuta, garaiko protagonistek taldeon sorreraren arrazoiak, oztopoak eta anekdotak kontatu zituzten.
Bideoan solasaldia osorik, bertaratutakoen galderak barne. Grabaketa: Estibalitz González.
70. hamarkadan eztanda kulturala egon zen Ermuan: ekimen, talde eta elkarte desberdinak sortu ziren. Haien artean zeuden Txindurri sortu aurretiko dantza taldea, Scout-ak, udalekuak, Emakumeen Sustapenerako Zentroa eta ikastola. Astelehenean Lobianon egindako mahai-inguruan, talde hauen hastapenei buruz jardun zuten sorreran egondako protagonistetako batzuk: Arantza Castillok dantza taldearen inguruan jardun zuen, Iñaki Agirregomezkortak aisialdi ekintzen inguruan eta Maria Isabel Garitagoitiak emakumeen zentroari buruz. Horiez gain, solasaldira bertaratzea ezinezko izan zuen Begoña Gilsanz irakasleak bideo bitartez kontatu zituen ikastolaren sorreraren ingurukoak.