2024 bukaeran, abendu hasieran, Ermuko Sutegi taldeak "Antigona" aurkeztu zuen, Sofokles antzerkigile klasikoaren lana. Orain, maiatza agurtuko dute obra berriro ere Antzokian aurkeztuz. Juanma Rodríguez ermuarraren zuzendaritzapean jarraituko dute, baina lehenengo emanaldiko aktoreei —Ainhoa Carmona, Aitor Fernández, Naroa Maiztegui, Alfredo Mateos, Pilar Medina, Nahia Torres eta Iker Urbieta— Garazi Beitia eta Iker Sagala batuko zaizkie.
Maiatzaren 30ean (ostirala) igoko dira Ermua Antzokiko taula gainera, 20:30ean.
Sinopsia
Kreontek Tebasko boterea bereganatzen du eta Antigonaren anaietako bat lurperatzea debekatzen du, traidoretzat jotzen duelako. Herritar gehienek ez dute erabakia onartzen, baina Kreonteri aurre egiteko prest dagoen bakarra Antigona da: neska gazte bat estatuaren aginte gorenaren aurrean. Ez Antigonak, ez Kreontek, ezin dute atzera egin beren izaera traizionatu gabe. Biek uste dute arrazoia dutela eta bere horretan mantetzen dira, elkarren aurrean itsu eta gor. Hori da Antigona tragediaren muina eta erakusten duen gatazka nagusia: lege zibilaren eta lege moralaren arteko talka.