Urrian abiatu zen eta aurreko astean eman zioten amaiera liburutegiko arduradunen ekimenez belaunaldi desberdinetako pertsonak batu dituen jarduerari. Helburu ugarirekin jaio zen: etxean bakarrik dauden adin batetik gorako pertsonei aisialdirako proposamen bat egitea, belaunaldi desberdinetako lagunak batzea, elkar lagundu eta ezagupenak partekatzea, gai desberdinei buruz hitz egiteko aukera eskaintzea, joskintzarekin lotutako puntu zein kakorratz-lanetan trebatzea…
Bi astean behin batu dira, astelehen arratsaldeetan gazte eta nagusiak eta astearte goizetan nagusiagoak. Jone Malbadik jardun du dinamizatzaile lanetan eta azpimarratu duenez, deialdi irekia izan zen arren, soilik emakumeek eman zuten izena eta gizonek ere aukera izan zutela. Beraiengandik asko ikasi duela aitortzen du. Zerotik hasi ziren batzuk, dakitela etorri ziren beste asko, baina jakinduria eta jakin-gosea elkarbanatuz elkarrengandik ikasiz sare polita sortu dute guztion artean.
Liburutegiko arduradunak ere pozik azaldu dira bertatik proposatutako ekimenetan parte hartzeko ohitura ez duen jendea erakarri dutelako. Gaiarekin zerikusia duten liburuak erosi dituzte eta, gaiarekin lotutako liburutegiko katalogoko funtsa ezagutzeaz gain, joskintzarekin lotutako aldizkari eta abarrei ere ikusgarritasuna eta bizitza eman zaie.
Beraz, tailerreko partaideek egindako lanak ekainaren 12ra arte liburutegian dagoen erakusketan ikusi ahal izango dira.