Iazko urrian, Ermuko Jubilatuen Etxeak eta Burulogy enpresak egitarau zabala prestatu zuten Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Tartean, yoga onkologikoaren gaineko hitzaldia burutu zen, eta Olatz Santos yoga irakasleak haren ezaugarriak eta onurak azaldu zizkien bertaratu ziren guztiei. Gaiak interes handia sortu zuen, eta erabiltzaile talde batek ikastaroa martxan jartzeko eskaera egin zuen Jubilatuen Etxean. Hilabete batzuk igaro ziren leku aproposa topatu arte, baina urtarrilean zerbitzua martxan jarri zen, eta ordutik Lobiano Kulturguneko antzerki aretoan biltzen da asteazkenero yoga onkologikoa praktikatzen duen taldetxoa.
Klasea Jubilatuen Elkarteko erabiltzaile guztiei zuzenduta dago (nahiz eta jubilatuek lehentasuna daukaten), bereziki prozesu onkologikoa igarotzen ari diren edo igaro duten pertsonei. "Haien senideak ere ongi etorriak dira, gaixorik daudenak ezin badira klasera etorri edo probatzeko zalantzak badituzte", argitu du Olatz Santosek. Hala ere, momentuz, emakumeak dira izena eman duten bakarrak. "Jendeak erreparoak ditu, batez ere gizonek, eta gazte askok ere. Minbizia tabua izaten jarraitzen du, eta askotan ezkutuan eramaten saiatzen da, kalean galderak eta zurrumurruak saihesteko. Gainera, yogari "onkologikoa" abizena jartzerakoan, mesfidantzak areagotu egiten dira. Eta bitxia da, tradizioan, gizonak izan direlako yoga praktikatu izan dutenak, baina azken urteotan, emakumeak dira nagusi esparru horretan".
Klaseen egitura
Erabiltzaile gehienak ezjakintasunetik abiatu ziren ikastaroan, kalean kartelak ikusita, ekintza berria probatzeko asmoarekin; beste batzuk, ahotik ahora entzunda gerturatu ziren. "Aurretik yoga egiten nuen —esan du erabiltzaile batek—, eta honen berri izan nuenean izena eman nuen. Lehen klasea eta gero, lagun bati deitu nion, gero beste bati... Gaixotasunak eragindako ezintasun ezberdinak ditugu, baina ariketak gure egoera fisikora egokituta daude, eta haietako asko etzanda egin beharrean, eserita egiten ditugu, esaterako".
Yogako klase arruntek lau zati dituzte: arnasketa, eguzkiari agurra, posturak eta erlaxazioa, baina Santosen esanetan, yoga klase arrunta edo yoga onkologikoko klasea prestatzerako orduan ezberdintasun handiak daude. "Kasu honetan, asanak edo jarrerak eusteaz baino, artikulazioak hidratatzeaz arduratzen gara batez ere. Tratamendu ezberdinen ondorioz ehunek galdutako mobilitatea berreskuratzen saiatzen gara, bizkarreko minak arindu, sorbalden mobilitate murriztua hobetu... Lehen egunean ikasleei galdetu nien zer espero zuten klase honetaz, eta hori lantzen ari gara. Izan ere, yogak onura asko ditu, baina jarrera guztiak ez dira egokiak jende guztiarentzat. Bestalde, garrantzi handia ematen diogu arnasketari, eta zeregin horretan denbora dezente ematen dugu klaseetan. Arnasketa oso tresna potentea baita, sistema linfatikoa aktibatzeaz arduratzen dena, baina askotan ez dakigu behar bezala erabiltzen", argitu du.
Arimaren gimnasia
Yogak ez du minbizia sendatzen, azpimarratu nahi izan du Olatzek, baina adituen esanetan, yoga onkologikoak laguntzen du jasan behar ez dena sendatzen, eta sendatu ezin ez dena jasaten, eta horregatik bi esparru ezberdinetan eragiten du: fisikoan eta emozionalean. Onura fisikoei dagokienez, zerrenda amaigabea dela esan du ermuarrak: minaren kudeaketa hobea; nekea gutxitu eta bizi-kalitatea handitu; indarra, malgutasuna eta hezurren osasuna indartu; linfedemak kontrolatu eta gutxitu... Maila emozionalean ere mesede egiten du zenbait arlotan: ahalduntzea sustatzen du; antsietatea, depresioa eta estresa gutxitu...
Horrez gain, "yoga onkologikoak ematen dizu aukera zure gorputzarekin bakeak egiteko —gogoratu du Santosek formazio saioetan ikasitakoa —. Sarritan, gaixorik zaudenean, gorputza etsai bihurtzen da. Gizarteak gaixotasun honetaz hitz egiteko erabiltzen duen lengoaia bera ere oso belikoa da, eta gorputza bizitzen ari den borrokari buruz hitz egiten dute. Diskurtso horretan, nahitaez, burua eta gorputza deskonektatu egiten dira, eta hemen berriro ere bat egiten saiatzen gara".
Erabiltzaileek ere gauza bera deritzote, eta batzuk diote yoga arimaren gimnasia dela, eta alde fisikoaren onurak aipatzeaz gain, nork bere buruarekin egiten duen lanaren garrantzia azpimarratu dute: "Zeure buruarekin konektatzen duzu, zure senarekin, eta zure burua berriro maitatzen ikasten duzu; zure beharrak ere asetzen, eta ez bakarrik besteenak". Aldi berean, ikastaroari esker, parte-hartzaileek saretxoa sortu dute, eta antzerako prozesua igaro duten pertsonekin sozializatzeko aukera izaten ari dira: jendea ezagutu, bizipenak partekatu, bestelako ekintzetan elkarrekin izena eman, dantzan edo kantuan, esaterako, "eta hori ere oso-oso aberasgarria izaten ari da", azpimarratu dute.
Saioa bukatutakoan antzerki aretoko atea zabaltzen denean, erabiltzaileak pozik irteten dira, lasai, erlaxatuta, "laino batean bezala". Egindako ariketen ondorio da, jakina, baina, neurri handi batean, irakasleak eragiten du. "Bere jarrera, arreta eta gozotasuna ikaragarriak dira –nabarmendu dute erabiltzaileek aho batez–. Adi dago, etengabe zuzentzen digu jarrera desegokiak baditugu, guretzat pertsonalizatutako ariketak prestatzen ditu, eta gu ondo eta eroso sentitzeaz arduratzen da". Horiek horrela, astean ordubeteko saioa labur geratzen zaie, eta datorren ikasturteari begira, asteko lan-saio kopurua handitzeko eskaera egin dute.
Yoga onkologikoa 90. hamarkadan sortu zen, Estatu Batuetan. Garai hartan ikusi zen lehen aldiz yogak onurak izan zitzakeela minbizia zuten pazienteetan, haientzako egokiak diren ariketak eginez gero. Ordutik garatzen joan da, eta mundura zabaltzen. Estatu mailan, Yoga Onkologikoaren Nazioarteko Sareak lan ezberdinak egiten ditu gaur egun. “Ni haiekin formatu nintzen —azaldu du Olatzek—, senide bati laguntza eskaintzeko beharra sentitu nuelako. Sare horrek gero eta indar handiagoa du, eta Kataluniako ospitale publiko batzuetan klaseak eskaintzen dizkiete minbizia pairatzen ari diren gaixoei edo sendatzeko bidean daudenei, lagungarri izango zaielakoan. Bilbon ere hasi dira klaseak eta hitzaldiak ematen, eta datozen urteotan hedatzen joango da".