'Michelin' afariarekin hasiko dira XXV. Jardunaldi Gastronomikoak

Ander Gomez 2025ko eka. 4a, 07:13

Lobiano Elkarte Gastronomikoak 25. urteurrena ospatzen du eta, horrexegatik, bereziki bereziak izango dira aurtengo jardunaldiak, gaur hasi eta uztailera arte luzatuko den programazioarekin.

Gaur iluntzean, goi-mailako afaria dastatu ahalko dute herritarrek, Daniel García eta Ricardo Pérez sukaldariek lau eskutara prestatua. Pérez Yandiola jatetxeko chefa da eta Michelin Gidak 25 urte darama gomendatzen. Garcíak Bizkaiko Michelin izar iraunkorrena izan duen Zortziko jatetxeko chefa zen, iaz jubilatu zen arte. Benetan berezia izango da gaurko hitzordua, bi sukaldariburu hauek izan baitziren Jardunaldi Gastronomikoen I. edizioko lehen afaria prestatu zutenak.

Afaria Erretena elkartean (San Pelaion) egingo da eta, edukiera mugatua duenez, plaza aldez aurretik erreserbatu beharra dago. Interesatuek Lobiano Elkarte Gastronomikoaren 614 406 816 telefono zenbakira deitu beharko dute. Otorduaren prezioa 70 eurokoa izango da.

Lehiaketa eta dastaketa pila uztailera bitartean

Datorren astelehenean, ekainaren 9an, Pintxo Lehiaketari ekingo diote eta, aste osoan zehar, bertako taberna eta jatetxeek prestaturiko pintxoak dastatu ahalko dira. Pintxo lehiaketa amaitu bezperan, ekainaren 14an (zapatua), ekintza hirukoitza egongo da: Ardo azoka, cachopo dastaketa eta bakailao lehiaketa. Hilaren 18an dastaketa gidatua egingo da, Roncal eta Idiazabal gaztak probatzeko aukerarekin. Datorren hilabetean, uztailaren 14an, emango diote amaiera jardunaldiei beste dastaketa gidatu batekin, oraingoan, premium kategoriako garagardoekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.