2024-2025 ikasturtean, "Ekoizpen eta kontsumo arduratsua" izan dute hausnarketa-gai Ermuko ikasleek. Zaborra bezalako gaiak landu badituzte ere, arreta berezia jarri diote uraren kontsumoari. Urtean zehar, hainbat inkesta, neurketa eta datu-bilketa egin dituzte. Ateratako ondorioekin, konpromiso pertsonalak hartzeaz gain, Udalarentzako proposamen ugari jorratu dituzte, hala nola: ur-ihesak konpontzea, gune publikoetan ur kontsumoa doitzeko sistemak ezartzea, lorategi ekologikoak sustatzea, sentsibilizazio kanpaina gehiago sortzea eta kaleko igogailuen funtzionamendua kaltetzen duen euri-ura bideratzeko plan bat garatzea.
Goizean burutu da 2025eko Pleno Txikia eta, bertan, proposamen hauek aurkezteko eta alderdi guztietako ordezkariekin eztabaidatzeko parada izan dute umeek. Alkateak erakutsi duten konpromisoa nabarmendu du, egindako ahalegina eskertu die eta bide horretan jarraitzera bultzatu ditu: "Jarraitu amesten, parte hartzen eta Ermua zaintzen."
Irudia: Ermuko Udala.