Inoizko emaitzarik onenak lortu ditu Errotabarri EKEk denboraldi honetan

Dorleta Vidal 2025ko eka. 21a, 07:47

Lauko Ermuko Errotabarri Senior taldea

Emakumezkoen eskubaloiak tradizio luzea dauka Ermuan, eta 2007an sortutako Errotabarri Eskubaloi Kirol Elkartea ere arrakastaren bidetik doa aspalditik. Dena den, 2024-2025 denboraldia bereziki ona izan da klubarentzat eta, lorpen handiak erdiesteaz gain, talde berriak sortzea lortu du, neska guztiek jokatzeko aukera izateko eta kategoria batetik bestera aldatzerakoan apurka-apurka trebatu ahal izateko.

Lauko Ermuko Errotabarri Senior taldea

Urte dezente daramatza Zilarrezko kategorian jokatzen, iparraldeko sektorean, eta aurten ligako bigarren sailkatu da. Horri esker, Toledoko Ciudad Imperial taldearen kontrako bi partida irabazi eta gero, Urrezko ligara igotzeko ligaxkan parte hartu du maiatzaren 16tik 18ra Zaragozan, Zaragozako Schär BM Coloresen, OAR Gracia Sabadellen eta Lleida Handbollen aurka. Errobatarriko lehendakaria den Leire Alvarezen eta delegatua den Alicia Lorenzoren esanetan, "talde handi horien ondoan, Errotabarri oso txikia da. Haiek beste baliabide batzuk dituzte, atzerriko fitxaketak, gastuak ordainduta... Gure jokalariek, aldiz, kuota ordaintzen dute jokatu ahal izateko. Pentsa! Hala ere, oso lan ona egin dute, eta benetan harro gaude". Ez zuten igoera lortu, eta datorren urtera begira, helburua da kategoriari eustea eta, ahal bada, Espainiako fasera heltzea, aurten bezala.

Senior B taldea

Errotabarri Senior Bizkaia

Aurten sortu den taldea da, eta Bizkaiko ligan aritu da, bosgarren postua eskuratuz. Jokalari gehienak oso gazteak dira, eta urteak zeramatzaten eskubaloian jolastu barik, pandemia garaian askok utzi baitzuten. "Klubarentzat garrantzitsua da Senior B taldea sortu izana, igotzen diren jubenilak trebatu ahal izateko Zilarrezko mailara jauzia eman baino lehen: erritmora egokitu, esperientzia hartu… Zilarrezko mailan dagoen senior taldearen aurreko pausua litzateke", azaldu dute Alvarezek eta Lorenzok.
 
Senior Beteranoak
Errotabarri Beteranoak

Aurten sortutako taldea da, eta bertan jokatu ahal izateko hainbat baldintza bete behar dira, besteak beste, hogeita hamar urtetik gora izatea. Arauak eta partiden maiztasuna ezberdinak dira, baina irabazteak sortzen duen poza berdin-berdina da: "Gure beteranoek euren kabuz entrenatzen zuten, gozatzeko, eta aurten Errotabarrin sartzeko proposamena egin ziguten, beteranoen ligan parte hartu nahi zuten-eta. Bizkaiko Liga jokatu dute emaitza onak lortuta, eta gainera Kopa irabazi dute".

Kadete Euskadi eta Jubenil Euskadi
Errotabarri Kadete Euskadi
Errotabarri Jubenil Euskadi

Klub moduan kategoriaz igo dira 2024-2025 denboraldian, bi taldeen puntuak kontutan hartzen baitira kluben sailkapena zehazteko, eta datorren urtean Euskal Ligan jokatuko dute biek: euren adina kontuan izanda, dagoen mailarik altuenean, alegia. Denboraldiko emaitzei erreparatuta, Kadeteak Bizkaiko Ligako txapeldunak izan dira; Jubenilak, aldiz, Bizkaiko Ligako txapeldunordeak. Horrez gain, Kadete Euskadiko jokalariak Espainiako sektoreetan aritu dira maiatzaren 22tik 25era bitartean, eta bigarren sailkatu dira.

Kadete Urdinak
Errotabarri Kadete Urdina

Bizkaiko B taldeko txapeldunordeak izan dira aurten, eta Kopako finalerdietara heldu dira. Datorren urtean, Bizkaiko B Ligan aritu beharrean, Bizkaiko Liga orokorrean arituko dira, Kadete Euskadi jada ez delako bertan jardungo, baizik eta Euskal Ligan, eurentzako tartea utzita. Izan ere, ezin dira klub bereko bi talde egon kategoria berean.

Infantil Zuria
Errotabarri Infantil Txuria

Bizkaiko txapeldunordea izan da eta Espainiako sektoreak jokatu dituzte Redondelan (Galizia). Kanporaketako partida bat irabazi zuten eta hirugarren postua eskuratu zuten.

Infantil Beltza, Morea eta Urdina
Errotabarri Infantil Beltza
Errotabarri Infantil Morea
Errotabarri Infantil Urdina

Sailkapenaren erdialdean aritu dira, “ikasten eta ondo pasatzen”, esan dute Alvarezek eta Lorenzok: “Talde hauek egiten duten lana oso garrantzitsua da, eta nagusiek hain emaitza onak lortu badituzte, da, hain justu, lan handia egiten delako txikitatik”. Lan hori behar bezala egin ahal izateko, entrenatzaile titulu nazionala duten prestatzaileak jarri nahi dituzte Errotabarriko arduradunek infantiletan ere, baina ez da lan erraza: “Asko kostatzen zaigu titulazioa duten entrenatzaileak topatzea eta bide horretan gaude”.

Emaitzarekin pozik

Arduradunek azaldu dutenez, horrenbeste garaipenek areagotzen dute eskubaloiaren presentzia herrian, eskubaloiarekiko jarrera onak sustatzen dituzte, eta eskubaloian jolasteko grina pizten dute. Horren adierazlea da jokalari batzuk ezagunak egin direla herrian, eta beste ume batzuk haiek miresten dituztela; baita, kluba kamiseta dezente saltzen hasi dela, taldearentzako diru-iturri bilakatuz.

Izan ere, aipatutako Espainiako sektoreak jokatzera joatea oso garestia da, eta aurrekontuaren zati handi bat autobusak ordaintzeko erabiltzen da. “Ermuko Udalak laguntza ekonomiko handia eskaini digu aurten, bidaien zati handia finantzatuz. Asko inplikatu dira eta eskertzekoa da, izan ere badakigu herrian beste behar batzuk ere badaudela”.

Bestalde, Alvarezek eta Lorenzok azaldu dutenez, datorren urtera begira aldaketak egongo dira Errotabarriko zuzendaritza taldean eta, sei urte pasatxo eta gero, Leire Alvarezek lehendakari kargua utziko du eta Jasone Izarrak hartu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.