Zure haurtzaroan pentsatzean, zer datorkizu burura?
Egun guztia ematen nuen plazan jolasten, bertan bizi nintzen-eta. Ongaraiko Eskolak egin zituztenean, zazpi-zortzi urte nituen, eta nire kabuz joaten nintzen eskolara, gurasoek lan egiten zutelako.
Zertan egiten zuten lan?
Aita, Emilio, Teodoro Zuazua eskolako irakaslea eta zuzendaria izan zen; amak, Irenek, ile-apaindegia zeukan etxean. Inguruko baserrietako emakumeak etortzen ziren amarenera apaintzera, eta haiekin eta amarekin euskaraz hitz egiten nuen. Aitak bere kabuz ikasi behar izan zuen, gu ulertu ahal izateko.
Plazan bertan bizi zinen...
Bai, gurasoek bertan bizi izan ziren nik bi urte bete arte, gero Mayban gozo-dendaren gainera joan ziren, eta han ere ile-apaindegia izan zuen amak. Denbora asko ematen nuen bi ahizpak eta neba txikia zaintzen.
Zer diozu gaztaroaz?
Parrandaz parranda ibili nintzen, Ermuan beti. Ostiralak nituen gustuko batez ere, eta gaur egun ere lagunekin ostiraletan elkartzen naiz. Asteburuko gainontzeko egunetan familiarekin egiten ditugu planak, baina hileko larunbat batean bazkari bat egiten dugu kuadrillakook herriko txoko batean. Hilabete bakoitzean bikote batek hartzen du bazkaria prestatzeko ardura.
Zer ikasi duzu?
Haur Hezkuntza, oso argi neukan txikitatik.
Eta esparru horretan egiten duzu lan?
Ez, ikasketak bukatu nituenean ama gaixorik neukan, eta ez neukan gogorik eskola batetik bestera ibiltzeko... Urte sabatikoa hartu nuen, eta euskaltegira joaten hasi nintzen, euskara hobetzeko. Segituan deitu zidaten Eibarko akademia batetik, eta urte mordoa eman nituen bertan. 2001ean Ikastolako jantokian eta Mallabiko eskolako autobusean hasi nintzen lanean, eta bertan nago ordutik.
Zer da bi lan horietan gehien gustatzen zaizuna?
Umeekin harremana izatea, uste dut horrek gaztetu egiten duela, bizirik mantentzen zaituela.
Egungo umeak eta duela hogei urtekoak berdinak dira?
Ez, alde handia igartzen dut, baina ez umeengatik baizik eta gurasoen jokabideagatik. Gaur egun umeak fiskalizatu egiten ditugu, kontrolatu, babestu, eskolaz kanpoko mila ekintzatara eraman... Umeak kalera atera behar dira, jolastu eta zoriontsu eta aske izan.
Eskolako irakaslea ez izateaz damutzen zara?
Ez. Ez dut sekula filtrorik izan gauzak esaterako orduan, ez naiz oso diplomatikoa, eta praktikak egin nituenean, konturatu nintzen horrek arazoak ekarriko zizkidala gurasoekin eta lankideekin. Beraz, alde batera lagatzea erabaki nuen.
Non ezagutu zenuen senarra, Jon?
Euskaltegian nenbilenean, eskolak bukatukoan trago batzuk hartzen geratzen ginen-eta... Egia esan kostatu zitzaidan hark niri kasu egitea!
Zer egiten duzu aisialdian?
Lanegunetan, ez dut ezer egiten. Etxera heldu, freskatu eta irakurtzen dut, telebista ikusi edota bikotekidearekin hitz egiten dut... nire momentua da. Asteburuetan, gustatzen zait ibiltzera joatea, kostaldean egunpasa egin, eta Athleticen partidak ikusten ditut.
Zein da irakurri duzun azken liburua?
Alaitz Leceagaren Las dos vidas de Mina Índigo irakurtzen ari naiz. Polizia-eleberria daukat gustuko eta liburu elektronikoan irakurtzen dut beti.
Bidaiatzea gustatzen zaizu?
Bai, asko. Penintsulako kostalde osoa ezagutzen dut (Portugal kenduta), irlak eta barrualdeko herri asko ere, eta gustatzen zait herri txikietako bizimodua ezagutzea. Leku guztiek daukate bere xarma! Kolonbian ere egon naiz, eta pendiente ditut Mexiko, Argentina, Australia, Polinesia Frantsesa...
Musikazalea zara?
Bai, ia dena gustatzen zait. Ska eta rock & rolla gustatu izan zaizkit betidanik, baina reggaetoia ere gustatzen zait... Letrak ez direla egokiak? Gure garaiko abesti batzuk ere aztertzeko modukoak dira!
Telebistan zer?
Albistegiak eta telesailak.
Jatun ona zara?
Bai. Asko gustatzen zaizkit entsalada bereziak eta itsaskiak!
Kozinatzea gustatzen zaizu?
Bai, baina gauza bereziak, ez eguneroko platerak. Asteburuetan irratia topera jartzen dut, ardo kopa bat atera, eta gustura ibiltzen naiz sukaldean: salpikoia, piper beteak, natxoak...
Biziorik?
Asteburuetan eta oporretan aperitiboa hartzea: marianitoa, ardo zuria, txakolina... eta pikatzeko zerbait!
Bertute eta akats bana?
Nahiko burugogorra naiz, baina alaia ere banaiz, eta lagunen lagun. Alabari ere erakutsi diot lagunen ondoan egon behar dela.
Zerk eragiten dizu barrea?
Umeen ateraldiek!
Eta zerk zure onetik atera?
Harrokeriak, injustiziak... gauza askok.
Erraz haserretzen zara?
Bai, zerbait ez bazait gustatzen ez dakit disimulatzen, eta pospolo bat bezalakoa naiz: berehala piztu, eta segituan pasatzen zait.
Lagunekin zaudenean, nahiago duzu hitz egin ala entzun?
Biak, asko hitz egiten dut, baina badakit entzuten.
Zer miresten duzu pertsona batengan?
Enpatia izatea. Bestearen lekuan jartzeko gaitasuna izatea, bestearen egoera ulertu... Uste dut guztiok egin beharko genukeen ariketa dela.
Puntuala zara?
Super puntuala!
Ondo moldatzen zara teknologia berriekin?
Bai: ez naiz onena, baina nahiko ondo konpontzen naiz.
Zerbait egin ez izanaren pena daukazu?
Zaldian ibili!
Zein albiste entzun nahiko zenuke?
Asko: Gaza-Palestinarekin eta Ukrainarekin zerikusia duten albiste onak, esaterako.