Hitanoa ikasteko Ermuko Appa hi! aplikazioa aurkeztu zen atzo

Drogetenitturri 2025ko eka. 19a, 10:12

Hikan trebatzeko aplikazioa aurkeztu zuen Ermuko Udaleko Euskara Sailak, Badihardugu Elkartearekin batera osatu duena. Mugikorraren bitartez klik bakarrarekin deskargatu daiteke eta, egunez egun proposatutako ariketak eginez, bost astetan hikaren oinarria eskuratu dezake parte hartzaileak.

Orain gutxira arte Ermuan lagun artean eta gertuko harremanetan ohikoena hikan egitea zen, noka zein toka, hau da, andrazkoei zein gizonezkoei. Eibartar batek esan omen zuenez “Ermuan hi, daneri, Jaungoikuari be eitxeko kapaz!”. Baina transmisioa etenda, galtzen joan da eta gaur eguneko gazte jendeari berbeta arrotza egiten zaio. 

Aurkeztutako aplikazioak hitanoaren formak modu errazean eta ludikoan ikastea ahalbidetzen du, galdera-erantzuna sistemaren bitartez. Euskara batuko hikan eta hainbat herrietakoan aritzeko aukera ematen du, eta gaurtik aurrera erabiltzaileak Ermuko hikan jokatzea ere hautatu ahal izango du. Aspalditik zion begia jota proiektu honi udaleko euskara teknikaria den Fernando Aranberrik eta iazko urte amaieran hasi zitzaion forma ematen Badiharduguko arduradunekin batera. Elkarte eibartarreko Aintzane Agirrebeña aritu da koordinatzaile lanetan eta Estibalitz Gonzálezen laguntza ere izan dute testuak gainbegiratzen.

Aurkezpenean aipatu bezala, herri askotan hika biziberritzeko eta pizteko nahia sortu da, mugimendu bat hasi da hori bultzatzeko eta horren emaitza da Appa hi! Era ludikoan eta praktikoan ikastea du helburu: egunean proposatzen den ikasgaiarekin lotutako azalpen teoriko batzuk irakurri ostean, galdera batzuk datoz, hiru erantzun posiblerekin. Egunero partida bat jokatzeko aukera izango da eta hurrengo egunean hurrengokoa. Ezin da aurreratu, baina bai atzera egin errepasatzeko. Galdera guztiak ondo erantzun behar dira hurrengo ikasgaia zabaltzeko; gaizki erantzun ezkero, nahi beste aldiz saiatu daiteke, ikasteko bidea eskainiz. Erabiltzaileen artean lehiaketak sortzeko aukera ere ematen du.

Ermuko bertsioak badu ere bertako euskeraren gaineko argibide batzuk ere, hika ikasteaz gain Ermuko euskalkiaren berezitasunak hobeto ezagutzeko. Aplikazioan alde teoriko hau hornitzeko eta hitanoaren aditz formak osatzeko Fernando Aranberriren Ermua eta Eitzagako euskara liburua hartu da oinarritzat.

Material osagarria ere txertatu da aplikazioaren osagarri: hika hizpide duten bideo, audio eta transkribapen desberdinak. Ermuan ondarea jasotzeko zinta analogiko eta bideo grabaketa ugari egin dira, Badiharduguren bitartez digitalizatu eta kodifikatu direnak, eta jasota zeuden testigantza horiek erabili dira herriko hitanoaren adibide gisa.

Gogoratu, behin barruan sartuta, batuaz gain herri aukera desberdinak daudela eta tartean dela Ermuko hikarena, aplikazioko Bizkaiko herri bakarra momentuz. Jokalariak aukeratu ahal du ere jakinarazpenak nokan edo tokan jasotzea.

Jendea aplikazioa deskargatzera eta praktikatzera animatu dute, Ermuan hika berriro eta belaunaldi desberdinen ahotik entzun dadin. 

Appa hi! aplikazioa deskargatzeko lotura egin klik hemen:

Egunean Behin deskargatu zure Android gailuan   

Izan hikaBIZI edo hikaPREST, hikan bizi izateko prestatu gaitezen!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.