Bideoklip berria kaleratu du Momak taldeak

Ander Gomez 2025ko eka. 24a, 12:35

Jon Andoni Moreno ermuarra buru duen Momak taldeak single berria argitaratu zuen lau egun atzera eta atzo iluntzean bideoklipa. Abestiaren ekoizpena Taom estudioko Jagoba Ormaetxearen esku egon da eta Carlos Hernández Carbonellek masterizatu du. Ikusentzunezkoa, berriz, Mendi Productions-ekin batera sortu dute, aurrez argitaratutako "Sol" kantarekin egin bezala.

Honela deskribatu dute Momak taldekoek kantuaren mezua: "Kolorea aldatzen duen hostoa bezalaxe, gu ere aldatzen goiaz. Etapa bakoitzak, pertsona bakoitzak, eraldatzen gaitu, baina gu izateari ez diogu uzten. Eraldatzea ez da galera, bizi izan dogun zikloaren edertasunaren adierazpena baizik". Eta horixe bera irudikatu nahi izan dute single-aren ilustrazioan:


"Eraldatzen" single-aren azala.

Bideoklipa egiteko aukeratu duten kokapenak kantuaren mezua —aldaketen inguruan proposatzen duen begirada baikor hori— are gehiago indartzen du: Atxondon grabatu zuten, Anbotoko meatze-garraiorako erabiltzen zen trenbide zaharrean. Gaur egun, Bide Berde bihurtuta dago gune hori, naturaz gozatzeko ibilbide ederra eskainiz bai txirrindulariei, bai oinezkoei.


Ezkerrean, trenbide zaharretik pasatzen zen bagoietako bat (Argazkia: Euskotren, Euskal Trenbidearen Museoa). Eskuman, oraingo Bide Berdea (bilbaoclick).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.