Ermuko I. Mundialito antirrazista: hesiak apurtu nahian

Dorleta Vidal 2025ko eka. 30a, 07:11

Ainhoa Ganuza ermuarra, Colibres Elkarteko kidea, Mundialitoaren egitaraua eskuetan hartuta.

Uztailaren 5ean Ermuko I. Mundialito antirrazista, antipatriarkala eta anfaxista ospatuko da, Colibres Elkarteak antolatuta. Goizean goiz hasita, ekintza ezberdinak burutuko dira Ongarai Eskolako patioan eta herritar oro dago gonbidatuta, nahiz eta gazteak diren xede-taldea. Ekimen honen helburua da arrazismoaren kontra borrokatzea eta kulturartekotasuna bultzatzea, besteak beste.

Hiri handietako eredua oinarri hartuta, Mundialito berezia ospatuko da Ermuan uztailaren 5ean, larunbata, Ongarai Eskolako patioan. Colibres Elkarteko kidea den Ainhoa Ganuza ermuarrak azaldu duenez, kirol-jardunaldia izateaz gain, ekitaldi kulturala eta politikoa izango da Ermukoa, eta haren helburuak izango dira, besteak beste, arrazismoaren kontra borrokatzea, kulturartekotasuna sustatzea eta kaleak eta espazio publikoak okupatzea. "Gure ustez, antirrazismoa bai ala bai antipatriarkala eta antifaxista izan behar da, hiru kontzeptu horiek oso lotura estua dutelako. Beste leku batzuetan ere mundialitoek kutsu hori izaten dute, baina guk esplizituki adierazi nahi izan dugu", esan du Ganuzak.

Migrazio askeak eta aukeratutako migrazioak babesten dituen Colibres Ermua elkartearen arabera, Euskal Herrian oro har, baina Ermuan bereziki, antirrazismoaren esparruan hutsune bat dago: "Beste arlo batzuetan, feminismoan edota antikapitalismoan, esaterako, pausuak ematen dira, baina antirrazismoaren kasuan lan handia dago oraindik egiteko, eta borroka hau berria ez den arren, horren aldeko ekintzak ez dira oso ohikoak. Mundialitoarekin nahiko genuke Ermuko gazteak, zuriak eta zuriak ez direnak, antirrazismora batzea". Horretarako, kirolaz gain, sentsibilizazio tailerrak egingo dira, umeentzako ekintzak, bazkari herrikoia... eta edozein adineko pertsonak hurbildu ahal izango dira bertara, nahiz eta ekintza gehienak nerabeei eta gazteei zuzenduta egongo diren (kiroletan gutxieneko adina 13 urte izango da).

Egitaraua

Uztailaren 5ean egitarau zabalaz gozatzeko parada egongo den arren, Ainhoa Ganuzak azpimarratu du Mundialitoa ez dela izango bakarrik ospakizun eguna, baizik eta aldarrikapenerako gunea ere: "Ekintza kultural eta komunitarioa izango da, kirola aitzakia hartuko duena herritar anitzak batzeko, batez ere gazteak, hesiak apurtzeko, eta arrazakeriari eta diskriminazioei aurre egiteko, kolektibotasunetik abiatuta. Mundialitoak bistaratu egingo ditu pertsona eta kultura arrazializatuak, folklorekerian erori barik".

10:00etan emango zaio hasiera jardunaldiari eta ordu horretan hasierako berbaldia eta jokoetako arauak azalduko dira. Gainera, herriko pertsona bat omenduko dute eta hark egingo du urrezko sakea. Jarraian, 10:30ean, eskubaloi eta futbol txapelketei emango zaie hasiera, aurretik izena eman duten lagun guztiek parte hartuko dutelarik.

Partida horiek jokatzen diren bitartean, ekintza ezberdinak egingo dira inguruan. Alde batetik, postalen tailerra burutuko da, eta parte-hartzaileek teknika ezberdinak aplikatzen ikasiko dute, tartean, cianotipia, postalok sortzeko. "Behin sortuta, elkartasun mezuak idatzi, eta Ceutako, Melillako eta Mexikoko mugetara bidaliko dira, bertan dauden migratzaileei eta muga zeharkatzen ari diren pertsonei helarazteko", azaldu du Ganuzak. Gainera, umeentzako mahaitxoa egongo da goizean, eta 10:30etik 17:00ak arte arropa truke azoka, artisauen postuak eta gozo tradizionalen postuak jarriko dira.

Bazkaria doan

Eguerdian, bazkari herrikoia eskainiko da doan, bertara gerturatzen diren pertsona guztientzat, eta kafearekin batera, "Nola jokatu polizien eraso arrazisten aurka?" hitzaldia eskainiko du Colibres eta SOS Arrazakeria taldeetako kidea den Omra ermuarrak.

Bazkalostean, futboleko eta eskubaloiko finalak jokatuko dira, hala nola barruseko partidak ere. Azkenik, 18:00etan sari banaketa eta azken komunikatua irakurriko da, eta bukatzeko, Bilboko DJ Eromenaren musika saioaz gozatzeko aukera egongo da, 20:00ak arte.

Ekintza hauek guztiak aurrera eramateko, Colibresek asanblada irekia deitu zuen, eta Komite Internazionalistak batu zitzaion laguntzaile, hala nola hainbat norbanako ere. Era berean, ekitaldi honek Ermuko Udalaren babesa izango du.

Colibres Ermua duela urte eta erdi inguru sortu zen, arrazakeriaren kontra borrokatzeko, eta ordutik hainbat ekintza burutu izan ditu herrian: zuritasun tailerra (hilean birritan Lobianon egiten dena), escuelita (bigarren belaunaldiko neska gazteei zuzendutako jabekuntza eskola), hainbat topaketa edo mahai-inguru intersekzionalak... Elkarteak bost kide ditu eta haiekin harremanetan jarri nahi dutenek Instagrameko colibres_ermua kontura jo behar dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.