Sol Band musika talde palestinarrak kontzertua eskainiko du bihar Ermuan

Dorleta Vidal eta Juantxo Díez 2025ko uzt. 14a, 14:01

Uztailaren 15ean, asteartea, 20:30ean, Sol Band talde palestinarrak kontzertua eskainiko du Martxoaren 8a plazan, Komite Internazionalistak taldeak antolatuta.

2024ko apirilean alde egin zuten Gazatik Sol Band musika taldeko kideek, sei hilabetez gerrari eta suntsipenari aurre egin eta gero, eta ordutik Euskal Herriko leku ezberdinetan bizi izan dira.

Nortzuk osatzen duzue Sol Band taldea?

Gazan elkarrekin hazi ginen betiko lagun batzuek osatzen dugu taldea: Rahaf Shamaly, Abdelkader Aboqassim, Said Fadel eta neu, Mohammed Nasrallah “Hamadeh” gara Sol Band.

Nongoak zarete?

Denok gara Gazakoak, Palestinakoak. Mina, edertasuna, erresistentzia eta arima darion tokia da Gaza. Hango bizipenek egin gaituzte musikari eta gizaki.

Zer jotzen du bakoitzak?

Ni abeslaria, gitarrista eta kantuak idazten dituena naiz. Rahaf Shamaly taldeko abeslari nagusia da, ahots zentrala. Said Fadelek kaxoia jotzen du, eta gure emanaldiei erritmoa eta energia ematen diena da. Abdelkader Aboqassim "Kaddour" da gure teklatu-jotzailea eta musika moldatzailea. Bakoitzak emozio eta istorio berezi bat gehitzen dio denon artean sortzen dugun musikari.

Zer kontatzen dute zuen abestiek?

Elkarrekin idazten ditugu kantuak: normalean, Saidek, Faresek eta nik idazten ditugu letrak, eta denok hartzen dugu parte konposizio eta moldaketetan. Gure kantuek okupazio eta blokeoaren mendeko bizitzaz hitz egiten dute, gure lurrarekiko maitasunaz, galeraz, eta baita itxaropenaz eta duintasunaz ere. Batzuk Gazako haurrei eskainiak dira, beste batzuk isilean erresistentzian tinko eusten dioten emakumeei.

Noiz sortu zenuten taldea?

2012an sortu genuen. Setiatuta ere, ez genion inoiz musika egiteari utzi. Palestinako folklorearen abesti herrikoiak bildu eta estilo modernoekin fusioa egiten genuen. Azken sarraski hau hasi aurretik ere musika zen gure bizibidea, okupaziopean arnasa hartzeko tresna.

Zer lortu nahi duzue musikaren bitartez? Zein da zuen helburua?

Gazaren ahotsa izan nahi dugu, isilaraziak izan direnen ahotsa. Musikaren bidez, gure nortasuna gorde nahi dugu, gure istorioak kontatu, eta beste kultura batzuekin zubiak eraiki. Ez dugu ospea amesten: askatasuna eta duintasuna baizik.

 

Noiz utzi zenuten zuen etxea? Zer utzi zenuten bertan?

2024ko apirilean utzi genuen Gaza, sei hilabete baino gehiagoz gerran eta suntsiketaren erdian biziraun ondoren. Guztia utzi genuen bertan: gure etxeak, gure grabazio estudioa, gure instrumentuak, gure oroitzapenak... Nik, pertsonalki, aitak hil aurretik eman zidan gitarra utzi behar izan nuen bertan; nire arima zeraman instrumentu hark. Geroago gure etxea suntsitu ondoren soldadu israeldar baºtek lapurtu zuen gitarra. Gure familiak ere atzean utzi genituen —alde egin ezin zuten horiek—, eta gure zati bat haiekin gelditu zen.

Sarri hitz egiten duzue Gazan jarraitzen dutenekin?

Bai, ahal dugun guztietan saiatzen gara gure familiekin hitz egiten, baina ez da erraza, Gazan ia ez baitago ez argindarrik, ezta Internetik ere. Hemen, Euskal Herrian ere jendearekin konektatzen saiatzen gara, askok maitasuna eta babesa erakutsi digute eta hori oso garrantzitsua da guretzat. Musika da jende guztiarengana hurbiltzeko guk daukagun modua.

Zein da Gazako egoera? Hedabideek egia osoa erakusten dute?

Gazan egoera katastrofikoa da. Toki eta eremu askotan bizitzea ezinezkoa da. Jendeak ez du ez jatekorik, ez urik, ezta aterperik ere. Nazioarteko hedabide askok ez dute argazki osoa erakusten, maiz ez dute palestinarrek pairatzen duten eguneroko sufrimendua eta mina islatzen. Musika eta testigantzen bidez guk gure ahotsa altxatu nahi dugu, guk egiten ez badugu, inork ez baitu egingo.

Non bizi izan zarete Euskal Herrira heldu zinetenetik? Nola hartu zaituztete hemen?

Iritsi ginenetik hainbat tokitan ibili gara. Gaur egun Hernanin bizi gara. Harrera benetan beroa izan da. Jendeak, kultur taldeek eta erakunde batzuek ere maitasunez eta elkartasunez hartu gaituzte. Denbora luzez ikusezinak bagina bezala sentitu ondoren, gizaki sentitzen gara berriro.

Hemengo herritarrek badakite zer gertatzen ari den? Jendea kontzientziatuta dago?

Euskal Herrian jende askok badaki; badakite zer den okupaziopean bizitzea eta erresistentzia, beraz, ulertzen gaituzte. Hala ere, kontzientzia gehiago behar da: ez informazio hutsa, baizik eta Gazan gertatzen ari den giza oinazearen benetako ezagutza.

Nola ikusten duzue etorkizuna?

Etorkizuna garbi egon ez arren, sinesten dugu horretan. Ahotsa, instrumentuak eta entzun nahi duen jendea daukagun bitartean, aurrera jarraituko dugu. Palestina aske bat, Gaza seguru bat, eta artista batek bizitza arriskuan jarri gabe abestu ahal duen mundu bat amesten dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.