Maite Larburu (Hernani, 1979) artista polifazetikoa da (abeslaria, musikaria eta konpositorea), eta bere burua soinuaren artistatzat dauka. Musika klasikoan espezializatua, 16 urtez Amsterdamen bizi izan da, eta azken 20 urteak lanean igaro ditu Erdialdeko Europako talde historizista esanguratsuenekin, biolin-jotzaile hain zuzen ere.
Abeslari bezala ere ibilbide luzea dauka, eta dagoeneko bost disko kaleratu ditu: azkena, 2025eko apirilean, Maizter izenekoa, Carlos Taroncher (klarinete baxua) eta Karlos Arancegi (bateria) bidelagunekin batera. Musikaren eta existentziaren efimerotasuna oinarri duen lan hau MusikBurô estudioetan grabatu eta ekoitzi da: "Soila eta soinu naturalistez betea, Larburuk berak grabatu du disko hau, atmosfera artisauagoa jaso asmoz —azaltzen da aurkezpen oharrean—. Hemen, gitarra klasikoa, ahotsa, biolina eta soinu organikoak, elkarrekin bizi dira txori, erreka, baso, haize, auto, garabi eta auzoen zaratarekin, folk progresibo deitu litekeen zerbait sortuaz".
Arte eszenikoak
Musikaren esparruan egindakoa nahikoa ez, eta azken urteetan arte eszenikoekin izan du lotura Larburuk antzezle zein musika sortzaile (Amua antzerkia eta Hondamendia pelikula), eta gaur egun konpositore dihardu filmegintzan (Erreplika dokumentalean), zein podcast formatuetan (Holobiontea, De eso no se habla), plataforma ezberdinetan entzun daitezkeenak.
Gaur, uztailak 22, Ermuan izango da Maite Larburu, eta bere ibilbide musikalean landu dituen kantu ezberdinak eskainiko ditu, formatu akustikoan. Emanaldia 20:30ean hasiko da, elizpean, eta sarrera doakoa izango da. Euskal Birusa Euskara Elkarteak antolatutako saio honek Ermuko Udalaren babesa du.