Zergatik joan zinen Ermutik?
Zortzi urte nituenean joan nintzen, lan kontuengatik. Hala ere, Batxilergoa amaitzean, Donostian Patroigintza eta Moda ikastea erabaki nuen, eta aldi baterako Ermura bizitzera itzuli nintzen.
Zenbat urte daramatzazu Ermutik kanpo?
20 urte daramatzat Galizian bizitzen, baina esan bezala, ikasi bitartean Ermuan bizi izan nintzen berriro.
Zertan egiten duzu lan Galizian?
Gaur egun, nire lana eta Xaneirorekin dudan proiektu pertsonala uztartzen ditut. Nire alderdi artistikoa gehiago sustatzeak, nire tresna teknikoekin batera, denbora gutxiko gauza ematen du, hala izan ez arren.
Egin duzun azken moda-bildumari “Denbora” izena jarri diozu. Euskararekin lotura izaten jarraitzen duzu?
Tristuraz aitortu behar dut nahiko nukeena baino gutxiago. Oso txikia nintzen Ermutik irten nintzenean, eta gurasoek ez dakitenez euskara, ahaztu egin nuen, erabilera faltagatik. Testuinguruaren arabera, ulertzeko gai naiz, eta termino eta esamolde asko daude oraindik ere ulertzen ditudanak, jakina, han bizitzen egon nintzelako. Baina uste dut saiatu beharko nintzatekeela berriro ere gogoratzen, orain pena ematen didalako eutsi ez izanak. Agian hori izan zen azken proiektu hau sustraietara eta euskarazko titularrera itzuli behar izatearen arrazoietako bat.
Nola moldatzen zara galegoz?
Txiki-txikitatik eskolan ikasi nuen, eta aitona-amonei eta herriko jendeari entzuten nien oporretan etortzen ginenean. Gaur egun egunero erabiltzen dut galegoa.
Zer egiten duzu denbora librean?
Ba "denbora libre" horretatik zati handi bat erabiltzen dut nire kabuz ateratzen ditudan patroigintzako, ebaketako eta jantzigintzako proiektuak gauzatzeko. Horretaz gain, asko gustatzen zait planak egitea: zinemara joatea, kontzerturen batera ihes egitea zuzeneko musika asko gustatzen zaidalako... Kostaldera joatea inoiz ez da plan txarra, paseatzeko bakarrik bada ere! Maite dut jende politez inguratzea eta elkarrizketa onak izatea.
Zein da bertako janari tipikoa?
Zaila da plater bat bakarrik aipatzea! Janariaz gozatzen dudanez, esan behar dut Galiziako gastronomiak ez duela justizia egiten dion definiziorik. Arzúa gaztarekin hasi, zamburiña batzuekin jarraitu, eta nahi duzun guztia ogi arrailetan pasatu. Nire bi amonak galiziarrak dira, beraz, galiziar janaria asko gustatzen zait.
Askotan etortzen zara Ermura?
Ahal dudan bakoitzean saiatzen naiz han daukadan familia ikusten eta lagun batzuekin berriz elkartzen.