Ermua Zinema, zine xume baten istorio handia

Estibalitz González 2025ko uzt. 12a, 09:30

Zinemaren kanpoko aldean, lehen zuzendaritza batzordeko kideak.

Herriari zine eskaintza emateko asmoarekin 1955ean sortu zen lehen zine-aretoa izan zen Zinema eta 70 urte geroago funtzio bera betetzen du, herriko kultur agenda aberatsaren erakusleiho esanguratsu bihurtuta. Sortze efemeridearen aitzakiarekin, bere historiaren ateak parez pare zabaldu eragin dizkiogu. Argazkiak: Feliciano Castrillo eta Ignacio Urreta.

Etxeetan ez zegoen oraindik telebistarik, baina zinearekiko zaletasuna gorantz zihoala eta batez ere gazteek Eibarrera alde egiten zutela erreparatuta, On Teodoro Zuazua parrokoak ganorazko zine bat eraikitzea pentsatu zuen. Haren aurretik bazen parrokiakoa, domeka arratsaldeetan elizako saloian Super8-ko pelikulak ematen zituena. Benito Garcia luzaroan izan zen abadearen laguntzailea eta Zinemako Batzordeko kidea. Hasierako urte haietan oraindik ume bazen ere, entzunda ditu gauza asko eta haiek ekarri dizkigu akordura.

Zinemaren inaugurazioko ekitaldia.
 

Bere esanetan On Teodororentzat lehen ardura lekuarena izan zen: aukera desberdinak aztertuta, Iparragirre kalean Motxu baserriaren jabegokoa zen lur zati bat erosi zuen, ordura arte ortu izandakoa. Orubea prestatzeko indusketa guztia pikatxoi eta pala hutsez egin zen, makinaria gabe. Hasierako dirua etxekoei eskatu zien eta, ez zela iristen ikusita, bono batzuk atera zituen salmentara, herritarren artean zabaltzeko. Askoren ekarpen txiki eta handiei esker gauzatu ahal izan zen Zinema hura eta horregatik On Teodorok herriarena zela esateko ohitura zuen.

Fides Norte Distribuidora sortu zen sasoi beretsuan, pelikulaz hornituko zituena herri askotako zinemak, parrokia ingurukoak gehienak. Zirkuito moduko bat osatu zen, filmak herriz herri proiektatzea ahalbidetzen zuena, eta hura izango zen Ermua Zinemako hornitzaile nagusia.

Inaugurazioa egunean taularatutako antzerkia.
 

1955eko maiatzaren 29ko datarekin eman zen inauguratutzat Ermua Zinema ekitaldi kultural jendetsuarekin, lehenagotik egin ziren arren autoritateen arteko inaugurazio eta elizaren bedeinkazio. Iruñeko Orfeoia konbidatu zuten eta herritarrek antzerkia, dantzak eta abestiak prestatu zituzten emanaldirako. Horrez gain, Eibarko Feliciano Castrillo argazkilaria enkargatu zen areto jaio berriaren bataio-erreportajea egiteaz.

Boluntarioei esker

Martxan jarrita, lan eta ardura desberdinak gehienbat boluntarioekin beteko ziren, laguntzeko prest zegoen konfiantzazko jende ugariren eskuzabaltasuna tarteko: akomodadoreak, proiektistak, sarrera-saltzaileak, atezainak, garbitasuneko arduradunak, diru-kontuenak... Han egon ziren Nizeto, Antonio, Juanita, Geno, Meltxor… banaka batzuk aipatzearren.

Abesbatza Zinemako inaugurazio ekitaldian.
 

Elkartasun asmoz jaiota, zinema ezin zen enpresa bat izan eta kudeaketa bermatzeko Sociedad Benéfico Recreativa izeneko elkartea sortu zen. Laster jaio zen ere Elkartasun Tonbola, herritarrak laguntzea xede bakarrarekin udaro zabaltzen zena. Bateko zein besteko jarduerarekin lortutako diru-etekinak jubilatuei egun osoko hiruzpalau txango antolatzeko eta ospitaletan denbora luzez ingresatuta zeuden gaixoei opariak egiteko bideratuko ziren. “Don Teodorok guztion zerrenda zeukan eta Gabonetan ospitalez ospitale ibiltzen zen eurentzako propio erositako detailetxook eramaten”, azaldu du Benitok.

Adinekoen lehen egoitza hornitzeko ere Zinemako diru-irabaziez baliatu ziren. Gaur egun dagoen leku berean egon zen hasierako jubilatuen etxea, Balerio Gandiaga eta Areitio anaien dohaintzari esker 1971n zabaldu zena: taberna, karta-jokorako mahai batzuk… sortzen zituen gastuei aurre egin eta adinean gora zihoazen herritarrei elkargune bat eskaintzeko xedearekin.   

Bilboko Albia zineetan kentzen zituztela eta aretoko butaka guztiak aldatzeko aukera iritsi zitzaien ere: Zinemako zuzendaritza batzordekoa zen Isaac Totorikak herrian laguntza eskatu eta asteburu oso batez ehun bat pertsona jardun zuten zaharrak erretiratu eta berriak lotzen. Isaacek fraidetzako bidea hartuko zuela iragarri zuenean, batzordekide berriak sartu ziren taldean: Jose Marcos, Emilio Pradera eta Benito Garcia bera azken Batzordea osatuz. Ordurako jada ekitaldi kultural ugari egiten ziren bertan eta ikusten zen udalarekin akordioetara iristea zela bidea, “gero eta zailagoa zen Zinemaren kudeaketa eta mantenua, eta guk sumatzen genuen udala zela irtenbide bakarra”, gaineratu du.

Filmak aurretiaz ikusteko ardura Fidesena zen. Batzuk, tematika gogorrekoa ziren arren, banatzaileak proiektatzea gomendatzen zien, “jendea ikustera kanpora joan beharrean, herrian geratzeko” aipatu du. Eduki pornografikoko pelikulak ere etorri ziren eta eurok, batzorde modura ez zituzten zentsuratu Benitoren esanetan, “gizartea aldatzen zihoan eta guk behintzat ez, ez dakit aurrekoek”, azaldu du.

Prezioengatik behin baino gehiagotan eztabaidatu behar izan zuten “umeen saiokoak ukitu ezinekoak ziren abadearentzat: 7-8 pezetatan, urteetan igo barik izan genituen!”, gogoratu du Benitok irribarretsu. Astebueruro sei proiekzio zituzten; gastuak murrizteko laura jaitsi arren, domeketako umeena amaierara arte mantendu zuten, egun eta ordu berean.

Udalaren jabegora

Egun baten iritsi zen ere udala aurrerantzean eraikinaz eta haren kudeaketaz arduratuko zen iragarpena, eta pozik hartu zuten guztiek. Lagapen modura eskrituratu zen jabetza dokumentua eta abadeari, jada gaixo zela, etxera eraman zioten, ohorezko lehendakari bezala sinatu zezan. “Ezin genuen une horretan kanpoan laga eta, gauzak zelan diren, hurrengo egunean bertan hil zen, bizi-zikloa Zinemarekin batera itxi izan balu bezala”, azaldu du Benitok. “Azkenean Zinema herrira itzuli zen. Beti pentsatzen zen abadearena eta abadearena zela; berak kudeatzen zuen, bai, baina herritarren ekarpenei esker altxatu zuen eta On Teodorok argi zeukan hori” amaitu du.

 

Udalak erosi nahi zuen arren, elkartasuneko erakundea izanda legalki ezin zuen salerosketarik egin eta horren ordez diru kopuru bat jarri zuen, Zinemak jarduera benefiko bat egin zezan. “Udalak emandakoarekin bazkari bat egin genuen Zinemaren boluntario izandakoak elkartzeko, nolabaiteko eskertza eta omenaldi txikia bihurtu zena. Haren baten ahaztuko zitzaigun norbait, baina guztiak gonbidatzen ahalegindu ginen eta 60-70 lagun batu ginen. Horrez gain, Caritasi diru-kopuru bat eman zitzaion”, esan digu Benitok, batzordekidea azken unera arte. Gogoan ditu ere lan berean jardundako Bienvenido Gordo, Jose Antonio Benditxo, Jose Marcos, Ignacio Urreta, Juanito Gorritxategi, Antonio Zubizarreta, Emilio Pradera…

2002. urtean kargotu zen udala Ermua Zinemaz. Azken antzerki lana 2008ko urriaren 27an taularatu ostean hasi ziren eraikin osoaren berriztatze lanak. 2011ko otsailaren 24an zabalduko zituen berriro ateak, Ermua Antzokia bezala eta aurrekoak besteko ibilbide luzea egiteko asmoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.