Uda garaian ikasteko guneak eta ordutegiak

Ander Gomez 2025ko uzt. 2a, 07:02

Uztaila iristearekin batera, ordutegia aldatu du Udal Liburutegiak. Astelehenetik ostiralera, goizez eta arratsaldez zabalduko ditu ateak bi astez. Gerora, goizez eta astegunetan bakarrik egongo da erabilgarri. Asteburuan ikasi nahi dutenek Teknotekaren ikasgelak izango dituzte eskura.

Uztaila hasiera honetan, 9:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era bitartean zabalduko da liburutegia astegunetan, eta asteburuetan itxita egongo da. Hilaren 14tik aurrera (astelehena), goizeko ordutegian bakarrik irekiko ditu ateak.

Asteburuetarako alternatiba Izarra Zentroan dagoen Teknotekan aurki dezakete ikasteko beharra duten herritarrek. Zapatu eta domeketan irekiko da, 16:00etatik 19:45era. Bakarka zein taldeka ikasteko aukerak daude, horretara egokitutako gune desberdinekin: coworking-gunea 1. solairuan eta beste hiru gela 2. solairuan. Bertan, ordenagailuak daude erabilgarri eta espazio guztiek daukate interneterako konexioa, wifi edota kable bidez.




Teknotekako guneak. Iturria: Udala.

Zapatu eta domekaz gain, astegunetan ere egongo da erabilgarri Teknoteka, egun osoko ordutegiarekin: 8:00etatik 19:45era. Salbuespen bezala eta jaiegun izatearren, hilaren 24an, 25ean eta 31n itxita egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.