Zapatuan, Ermuko Txirrindulariko bazkide guztiak elkartu ziren "Luzea" izenez ezaguna den lagun arteko irteera egiteko. Aurten, Ermuan hasi eta Kantabrian bukatzeko erronka hartu zuten, zehazki, Ogarrio herrian. Bi ibilbide egin zituzten: bata 125 kilometrokoa eta bestea 170 kilometrokoa —tartean indarrak berritzeko atsedentxoa hartuta— eta laguntza-autobusa ere izan zuten bidean, badaezpada. Ogarriora iristean, dutxa hartu eta bertako Casa Tomás jatetxean bazkaldu zuten. Bukatzean, guztiek batera hartu zuten Ermurako autobusa.
Kontatu dutenez, egun zoragarria pasa zuten, "bizikleta gainean gozatuz, baina batez ere lagun artean disfrutatuz". Diotenez, horiek dira Ermuko Txirrindulariren oinarriak: "elkartasuna, gozamena, barreak egitea... eta talde-sentimendu hori indartzea".
Harrobia indartsu
Pasa den ostiralean jokatu zen 2025 Txiki Itzuliko lehen hitzordua: Elorrioko krono-igoera. Infantilen kategorian, Telmo Hernández txirrindulari ermuarra izan zen lehena, 05:57:11 denbora eginda (bigarrenak 05:58:27).