Urtero bezala, jaiak berotzeko ardura hartu dute gazteek, Txarangen Jokoei hasiera emanez. Astebete emango dute Orbe Kardinalaren plazan arratsaldero, 19:00etatik aurrera, ekintza desberdinak egiten.
Atzo, pepinoaren jokoan eta triatloian aritu ziren; gaur, harraren eta sokatiraren txanda izango da; asteazkenean, Irulitxak girotutako ohiko ogitarteko-jana egin eta abesti lehiaketa izango dute gauean, 22:30ean; ostegunean, pringea eta jatorrizko bekatura jokatuko dute; eta ostiralean, sokatira finalekin eta kuboen probarekin amaituko dute. Puntu gehien lortzen duten kuadrillek sari desberdinak eskuratu ahalko dituzte, hala nola: 450 eurora arteko txekeak eta herriko tabernetan afaltzeko 350 eurora arteko bonoak.
Horrez gain, datorren astean (astelehenean, 22:30ean) playback lehiaketa egingo dute eta sari potoloak egongo dira irabazleentzat: garaikurraz gain, lehen postuan geratzen den taldeak 600 euro jasoko ditu, bigarrenak 300 euro eta hirugarrenak 200 euro. Antolakuntzatik gogorarazi dutenez, ekintza honetarako ez da behar txaranga bezala apuntatuta egotea, edozein talde apuntatu daiteke egunean bertan. Hortaz, herriko gazte guztiak animatu dituzte parte hartzera: "eskatuko dugun baldintza bakarra ondo pasatzeko gogoa izango da".