Euskal Birusa Euskara Elkarteak elkarretaratzea deitu du gaurko

Drogetenitturri 2025ko uzt. 18a, 10:33

Espainiako Auzitegi Gorenak azken egunotan jakinarazi du EAEko udaletan euskaraz jarduteko eskubidearen kontrako sententzia. Horrek eraginda, Euskal Birusa Euskara Elkarteak kontzentrazioa egingo du gaur plazan, 19:00etan, "gure hizkuntza eskubideak urratzen dituen epaia eta VOX alderdiaren esku-hartze antidemokratikoa salatzeko", azaldu dute elkarteko kideek. 

Espainiako Auzitegi Gorenak, VOX alderdiak eskatuta, EAEko udal legearen zenbait artikulu indargabetu ditu, hain zuzen ere, udalei euskararen normalizaziorako neurriak hartzeko aukera emango zietenak. Euskalgintzaren Kontseiluak, Udalerri euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta Eusko Jaurlaritzak berak azaldu dutenez, sententzia hori euskararen normalizazioaren kontrako neurria da.
 
"Eraso honen aurrean, Euskal Birusaren talde eragilean pentsatzen dugu neurri baztertzaile horrekin bat ez gatozen herritarrok gure desadostasuna azaldu behar dugula, eta horretarako 30 minutuko elkarretaratzea deitu dugu, ostiral honetarako, uztailak 18, 19:00etan plazan", azaldu dute elkarteko zuzendaritzako kideek. Bertara batu nahi diren herritarrek bat egingo dute "EUSKARAK JUSTIZIA ETA BABES LEGALA BEHAR DITU" leloarekin.
 
Elkarretaratzea bukatutakoan, Santixauetako TXIKURIXAren inaugurazioa egingo da, 19:30ean.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.