Adin guztietako lagunak bildu ziren, bezperako jai giroaren ondorengo alferkeriari lepoa emanez. Lainopeko eguraldia, apartekoa Urkoren ia atsedenik gabeko ibilbide malkartsua igotzeko. Artarraiko arboladiko hezetasunak eta haize ezak sargori sentsazioa areagotzen zuen arren, izerdi patsetan, kontu kontari gorantz. Lagun hilera koloretsua: zaila zen inor aurreratzea, ederra taldeak ematen duen indarrari esker amore eman barik txirri-txirri jarraitzea. Azken metroetan, azken kontrola: handik aurrera ezin zen geratu. Bapatean txaloak tontorrean; irabazlea genuen. Paco García izan zen itsulapiko pisutsu hartan zeuden 138 euroak eskuratu eta Urkotik besapean eta pozarren jaitsi zituena, barruko txin-txinok bere lobari emateko ilusioarekin. Aitxitxaren zein lobaren esku geratu, Santixauak sasoi aparta da txanponok xahutzeko!