Maiatzaren 31n, 07:00etan hasi eta hamabi orduz, Urko mendian gora eta behera ibili ziren ermuarrak eta inguruko herrietatik gerturatutako mendizaleak, Javi Alberdiren omenez sortutako "Urko 12h Non Stop" memorial solidarioan. Guztien esfortzuak dohaintzan emateko 3.196,63 euro utzi zituen.
Orain, Artarrai Mendi Taldeko eta Hiru Txikiak Traileko kideak Durangora gerturatu eta, agindu bezala, Rio de Oro elkarteari eman zioten txekea. Bertan, Saharako haurrekin egoteko tartetxoa ere hartu zuten eta, dirua entregatzea "ohorea" izan zen arren, umeekin pasatako denbora hori azpimarratzen dute: "bihotzean betiko iltzatuta geldituko zaizkugun minutuak izan ziren".
Horrez gain, eskerrak eman nahi dizkiete Urko gainera igo eta bere harri-koskorra jarri zuen bakoitzari, bai Ermuko herriari, bai kanpotik etorritako jendeari, "Javi harro egongo litzateke".