Jubilatuak joko, jan-edan eta kantu artean ospatzen ari dira jaiak

Drogetenitturri 2025ko uzt. 26a, 19:30

Pasa den osteguna Umeen Eguna izan bazen, gaurkoa "Jubilatuen Eguna" deitu zitekeen lasai asko: Zuriz jantzita eta zapi gorria lepoan, goizean goiz irten dira kalera jubilatuak; plazako kioskoan ekitaldia egin dute, egunotan jokatutako txapelketen sariak banatzeko eta bazkide zaharrenak omentzeko; ondoren, herri-bazkaria egin dute Merkatu plazan eta, bideoan ikusten denez, kanturik kantu luzatu dute bazkalostea.

Albiste barruan saritu guztien zerrenda. Bideoko irudiak: Iñaki Gonzalez, Jubiletxea.

Jubiletxeak txapelketa sorta ederra antolatu zuen Santixauen bueltan eta irabazleek gaur jaso dituzte garaikurrak, plazako kioskoan egindako ekitaldian. Hauetxek izan dira txapelketa bakoitzeko emaitzak:

Eskobaren jokoan, Liberato Rabadan eta Paco Escribano izan dira garaile. Bigarren, Domingo Alvarez eta Jose Vega; eta hirugarren Maria Jesus Garai eta Manuela Jimenez.
Kuatrolan Avelino Mesonerok eta Manuel Blazquezek lortu dute garaipena. Atzetik, Jesus Vieco eta Salome Peña; eta Crispulo Ruiz eta Remigio Prol. 
Tutean Mariano Doce eta Esther Lopez nagusitu dira, Ana Rios eta Martin Hernandez bikotearen aurrean. Daniel Gomez eta Manuel Blanco hirugarren geratu dira.
Musean ere, lehen postua lortu du Docek; kasu honetan, Andres Garciarekin batera. Bigarren geratu dira Francisco Garcia eta Rodolfo Alvarez; eta hirugarren, Liberato Rabadan eta Paco Escribano.
Hala ere, hirugarren postu horrekin eta eskobako urrearekin konformatu ez, eta Briskako txapeldun ere izan dira Rabadan eta Escribano. Txapeldunorde izan dira Rosario Camacho eta Mari Angeles Carrillo; eta hirugarren Dimas Ferrero eta Domingo Alvarez.


Aurtengo tute txapelketa jokatzen.

Kartetan aritzeaz gain, punteria ere neurtu dute

Karta-joko txapelketak nagusi izan diren arren, bestelako joko fisikoagoak ere izan dituzte, hala nola, igel-jokoa eta petanka txapelketa.

Igelean, Paco Escribano izan da nagusi, Pedro de Lacalle bigarren eta Manuel Airas hirugarren. Petankan Farid eta Daniel Gomezek osatutako bikotea nagusitu dira; Josu Elizondo eta Miguel Arribas txapeldunorde geratu dira; eta hirugarren postua Paco Martinez eta Vidal Onecak lortu dute.

Merezitako omenaldia egin diete bazkide nagusienei

Jokoen txapeldunei sariak banatzeaz gain, aiton-amona zaharrenei aitortza egin diete Jubiletxetik. Oroigarri bana jaso dute Teresa Ramos de Diosek, 96 urterekin; eta Manuel Feijo Garciak, 99 urterekin.


Argazkia: Udala, Jubiletxea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.