GURETIK MUNDURA

Asier Madarieta, Palermo (Italia): "Palermok irudi dekadentea du, bisitari askorentzat oso erakargarria dena”

Nahia Ruiz Albizuri 2025ko abu. 23a, 08:17

Palermoko hiria eta golkoa Monte Cucciotik ikusita.

Iaz joan zen Palermora (Italia) Asier Madarieta Churruca ermuarra, doktoretza-ondoko laguntza batekin. Etxetik kanpo 10 urte eman eta gero, datorren urtean Euskal Herrira itzuliko da.

Zergatik joan zinen?
Doktoretza tesia amaitu berri nuela, Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen doktoretza-ondoko laguntza bat irabazi nuen, EHUn ikerlari lanetan hasteko. Deialdiaren arabera, kontratuaren lehenengo bi urteak atzerriko unibertsitate edo ikerketa zentro baten egin behar dira. Proiektua proposatzerako orduan Palermoko Unibertsitateko irakasle batekin harremanetan jarri nintzen, berak erabiltzen zuen metodologian interesatuta nengoelako. Behin laguntza jasota, Palermora etorri nintzen ikerketa proiektuaren lehenengo bi urteak egiteko.
Zertan egiten duzu han?
Ikerketa proiektuaren helburua da aztertzea GNSS (GPS sistema Estatu Batuarraren mundu mailako baliokidea) datuen bitartez plaken mugimendu tektonikoak eta hauek lurrikaretan duten eragina. Nire proiektuaren ikerketa eremua Iberia eta Afrikako ipar-mendebaldea bada ere, ikerketa-taldearen baitan Italiako, Arabiako edota Himalaiako datuekin ere lan egiten ari gara.
Bertako hizkuntza menderatzen duzu? Saiatu zara ikasten?
Ez dakit menderatzen dudanik esan daitekeenik baina, bai, hemengo bizitzaren gehiengoa italieraz egiten dut. Sizilieraz, aldiz, hitz gutxi batzuk bakarrik dakizkit. Hemen dialekto bat dela diote, baina nahiko desberdina da. Italieraz gain, gazteleraren edota arabieraren eragin handia du sizilierak. Italierara itzuliz, hasieratik argi nuen ikasi nahi nuela, eta lehenengo hilabetean ingelesez egin ondoren, segituan hasi nintzen italieraz. Hasierako hilabeteetan ikastaro baten parte hartu ondoren, dakidan gehiengoa lankide eta lagunekin hitz eginda ikasi dut.
Sizilierak gaztelaniaren eragina duela esan duzu. Adibideren bat jar dezakezu?
Sizilieraz, hitz askok antz handiagoa dute gaztelaniarekin italierarekin baino: "travagghiari" (trabajar vs lavorare), "cirasa" (cereza vs ciliegia), "aceitu" (aceite vs olio) edo "cascia" (caja vs scatola). Gustokoen dudan hitza “amunì” da, “goazen”, “vámonos” edo “andiamo” esan nahi duena. “Amunì” hitzak antza handia du Andaluziako leku askotan “vámonos” esaten duten modura, “ámonoh”; edo katalanezko “amunt” hitzarekin.
Nolakoa da zure egun libre bat?
Bai Palermo bai Sizilia, historikoki, kulturalki zein paisaia aldetik liluragarriak dira, beraz, gauza asko daude egiteko. Dena dela, egun libre arrunt baten, bizikletaz Palermo inguruko mendietan ibiltzea gustatzen zait, eta iluntzean lagunekin afaldu eta zerbait hartzera irtetea. Palermon oso giro polita dago.
Badago zerbait oso desberdina dena?
Zoritxarrez, alderik handiena espazio publikoaren eta ondarearen zaintzan ikusten dut. Egia da ondare historiko eta kulturala handiagoa dela, eta, beraz, lan handia duela, baina nahiko utzita dago. Gauza bera gertatzen da kaleen garbiketarekin. Hala ere, hori dela-eta, Palermok irudi dekadentea du, bisitari askorentzat hain erakargarria dena.
Zein da bertako janari tipikoa?
Siziliako janari tipikoena arancina da. Normalean haragiz, baina baita beste gauza batzuez ere betetako arroz-bola, frijitu egiten dena. Cannoli-ak ere oso famatuak dira, ricotaz egindako gozokiak. Palermon oso estimatuak dira ere panino panelle e crocchè, patata kroketez eta txitxirio-ore frijituz egindako ogitartekoak, edo pani ca meusa, txahalaren barearekin eta birikekin egindako ogitartekoa. 
Faltan botatzen duzu Ermua?
Palermon bizi baino lehenenago, beste 8 urte egin ditut Granadan. Beraz, bai. Zorionez, askotan joaten naiz edo etxekoekin gozatzeko aukera dut. Gainera, aurten Palermo-Bilbo hegaldiak jarri dituzte, bidaia asko errazten dutenak.
Etxera itzultzeko gogorik?
Palermoko estantzia amaitzen denerako ia 10 urte egingo ditut Ermutik kanpo. Zorionez, badirudi 2026an Ermura edo, Euskal Herrira behintzat, bueltatuko naizela. Gainera, gogo handia dut EHUn lanean hasteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.