Zer dela-eta hasi zinen castellsak egiten?
Arreta eman didate beti, egia esan, baina duela urte batzuk lagun baten bikotekidea ezagutu nuen, Georgina, Bartzelonakoa dena. Pare bat bider galdetu nion ea harremanik zeukan castellsekin edo haiek egiten zituen norbait ezagutzen zuen, baina ezetz erantzun zidan. Kontua da WhatsAppeko talde bat omen dagoela Euskal Herrian bizi diren katalanez osatutakoa, eta iazko ekainean deialdia egin zuten castellsak egiteko taldea sortzeko. Georginak gonbidapena bidali zidan, eta han agertu nintzen, lehengo bileran. Ez nintzen zoro bakarra izan, agertu ziren beste gutxi batzuk ere Kataluniarekin harremanik ez zutenak.
Lehen bilera hura gogoratzen duzu?
Bai, 30 pertsona inguru elkartu ginen Santutxuko Karmela espazio autogestionatuan, Bilbon: adin, genero eta gorpuzkera guztietakoak. Izan ere hori da gazteluek daukaten gauza polit bat: aproposak direla pertsona guztientzat, oso jarduera integratzailea da. Hiru hilabete geroago, irailean, Euskal Herriko Casteller Taldea sortu genuen, eta gaur egun 60 bazkide gara eta 180 lagunetik gora.
Zein da giza dorre hauen jatorria?
Oso aspaldi sortu ziren, Valentzian, muixeranga izenarekin. Berez dantza bat zen, puntu erlijiosoa zuena, baina ohitura hori Kataluniara hedatu zen XVIII. mendearen bueltan, Tarragonara batez ere, castell izenarekin eta egungo ezaugarriekin.
Diziplina artistikoa da, edo esango zenuke kirola ere badela?
Gauza ezberdinak nahasten ditu, baina dantzan dauka jatorria, beraz, kulturarekin lotuta dagoela esango nuke, kirolarekin baino gehiago. Hori bai: kirola ez den arren, oso nekagarria da!
Zenbat pisu izan behar ditu gutxienez gaztelu batek?
Sei. Guk oraindik ez dugu lortu inoiz sei pisuko gaztelu bat egitea, baina iazko abenduan bosgarren pisura heldu ginen, beraz, uste dut seigarren pisua laster lortuko dugula: gure taldeko leloa da: “Volem ser colla de 6!” (6 pisuko taldea izan nahi dugu!). Normalean goiko aldean umeak egoten dira, eta gure taldean badaude umeak, beraz, alde horretatik zortea daukagu. Horiek puntan ipinita lortu genuen bost pisu egitea, baina beste behin nagusiekin soilik egin genuen: eta sekulako aldea dago zaman! Nahiz eta igotzen diren pertsonak argalak izan, behean daudenek asko igartzen dute aldea: dorrea zenbat eta altuagoa izan, orduan eta jende gehiago behar da; bestalde, zenbat eta jende gehiago pisu bakoitzean, dorrea egonkorragoa da, baina pisu gehiago hartzen du… Oreka bilatu behar da. Guk normalean hiru pertsona jartzen ditugu pisu bakoitzean, ez daukagulako jende gehiago!
Gutxieneko denbora egon behar da gaztelua eginda ontzat emateko?
Ez, kontrakoa. Nahiko arin egin behar da dena, bestela azpian daudenak nekatu egiten dira. Asko lantzen dugu hori entseguetan: taldea koordinatuta egon behar da, eta aginduak ematen dituen pertsonak esandakoa bete. Pertsona horri cap de colla deitzen diogu, eta berak erabaki dezake ere eraikuntza desegitea, ezegonkorra dela ikusten badu. Cap de collak katalanez ematen ditu aginduak. Horrez gain, El toc de castells deitzen den musika jotzen da gaztelua eraikitzen ari garen bitartean, eta musika horrek adierazten digu gaztelua zein fasetan dagoen. Danborrarekin eta grallarekin (dultzainaren estiloko musika-tresna) jotzen dira doinuok.
Dorrea egiten duzuenean, zein lekutan egoten zara?
Gure colla ez da oso handia momentuz, beraz, lekuak ez daude banatuta, eta ia leku guztietan egon naiz. Tronc deitzen zaion zatian egoten naiz teknika lantzen dugunean (erdiko zatian, alegia), eskalatzailea naizelako eta abila naizelako igotzen; baina gaztelua egiten dugunean behean egoten naiz, pinyan, altuegia naizelako gorago egoteko. Altuegia bazara, gorago doazenek esfortzu handiagoa egin behar dute zure gainera igotzeko, eta umeei, adibidez, kostatu egiten zaie. Pinyako eskuetan egoten naiz normalean, agulla edo lateral postuetan. Pinya handietan 100 lagun edo gehiago egon daitezke, eta bakoitzak bere posizioa eta funtzioa du, eta sekulako beroa egiten du bertan, oso estu gaudelako!
Terminologia berezia erabiltzen duzu...
Bai, taldean adostu genuen euskaraz eta katalanez hitz egingo genuela, eta izen propio guztiak eta jarduerari lotutako hitz guztiak katalanez esango genituela, adibidez posizioak: agulla, baix... Horrek zentzua dauka, Kataluniako beste colla edo talde batekin elkarlana egitea suertatuz gero, elkar ulertu ahal izateko.
Ondo moldatzen zara katalanez?
Bueno, ikasten ari naiz...
Zenbatero biltzen zarete entseatzeko?
Asteburuero entsegu orokorrak egiten ditugu, bizpahiru orduz. Gainera, astean zehar, entsegu txikiagoak egiten ditugu, zonaldeka banatuta.
Bilbon entseatzen jarraitzen duzue?
Karmelako kideek asko lagundu ziguten, gure lehen bilerak eta entseguak bertan egiteko aukera izan genuelako, baina gaur egun ez daukagu leku finkorik: Bilbo, Gasteiz, Donostia, Ermua, Oñati... Leku altuak behar ditugu, eta Ermuko plazan dagoen aterpea, adibidez, oso aproposa da entseatzeko, erpinetan dauden barrak oso lagungarriak direlako beroketa egiteko. Beste batzuetan, farolak erabiltzen ditugu.
Nola antolatzen dituzue entsegu-saio horiek?
Lehenengo eta behin, beroketa egiten dugu. Barrak erabiliz, kide batzuk beste batzuen gainera igo eta jaisten dira. Gero castellsaren zatiak egiten ditugu. Adibidez, pinya gabe, bigarren pisutik gorakoa egin. Edo pinya lantzeko ariketak, goian pisu gutxi dugularik. Pinya gabeko frogak, ezegonkorrak izan daitezke, eta inguruan jendea egon behar da, norbait jausiz gero eutsi ahal izateko.
Zein ezaugarri izan behar da casteller ona izateko?
Castellersen leloa da: forca, equilibri, valor y seni (hau da: indarra, oreka, ausardia eta sen ona), baina gazteluan duzun postuaren arabera, horietako ezaugarri bakoitzak garrantzi ezberdina du. Horrez gain ez da ezer berezirik behar. Dena den, egia da taldeko asko eskalatzaileak garela. Ez dauka jarduerarekin harreman zuzen-zuzena, baina askotan elkartzen gara eskalatzera joateko.
Esango zenuke jarduera arriskutsua dela?
Bai, apur bat bai, eta azken urteotan, gorako pisuetara doazen umeek eta helduek kaskoa eraman behar dute. Nik dakidala, castellsen historian hiru hildako egon dira. Gura taldean ere susto txikiren bat izan dugu, baina ez da ezer larria izan.
Castellsak modan daude?
Baietz esango nuke, eta Euskal Herriko jaietan ere gero eta ohikoagoa da horrelako emanaldiak ikustea.
Erakustaldiren bat egin duzue dagoeneko?
Bai, erakustaldiak eta tailerrak. Erakustaldiak Gasteizen eta Bilbon egin ditugu; tailerretan, berriz, ikasi eta parte hartzeko aukera egoten da edonorrentzat. Esaterako, Ermuan egon ginen iazko udazkenean, plazan. Deialdia zabaldu genuen herriko jendea batzeko, eta parte-hartzaile errekorra lortu genuen. Horrez gain, emanaldia egin genuen duela hilabete pasatxo Lasarteko jaietan, eta uztailaren 26an Gasteizen egon gara, Xicots de Vilafranca taldearekin batera (hauek Ermuan ere izan ziren uztailaren 27an); abuztuaren 15ean, Donostian, Castellers de LLeida taldearekin egongo gara; eta irailaren 13an, Legazpin, Castellers de Viladecans taldearekin. Horrez gain, abuztuan, tailerrak egingo ditugu: 13an, Donostiako Piratak mugimenduarekin batera; 23-24an, Bilboko Konpartsekin; eta 30ean Kuartangon, eta saio hauek jendeari irekita egongo dira. Bestela ere, gurekin harremanetan jarri nahi dutenek ehcastellertaldea.eus webgunera jo dezakete.
Etorkizunean jarraitzeko asmoa duzu?
Bai, oso gustura nago eta oso jende jatorra ezagutu dut. Jarduerak harrapatu egin nau!