Zelan suertatu zitzaizun Geoparkean lan egiteko aukera?
Unibertsitateko praktikak Begi Bistan enpresan egin ditut otsailetik maiatzera bitartean, eta bukatutakoan kontratua egin didate. Enpresa horrek zerbitzu ezberdinak ematen dizkio Geoparkeari (zientziaren dibulgazioa, kirol jarduerak...), eta nire lantokia Zumaian dago, bertatik abiatzen bainaiz itsasontzian flyscharen inguruko hitzaldiak ematen ditudanean. Mutrikun ere egoten naiz sarritan, Nautilus museoan, eta bertan fosilen didaktikak egiten ditut.
Nolakoak izaten dira itsasontzian egiten dituzun bidaiak?
Itsasbide ezberdinak daude, baina gehienetan Zumaiatik Sakonetarainoko joaten naiz. Bidaia horrek ordubete irauten du, eta bertan azaltzen dut zer den flyscha, zer den geoparkea, zer garrantzi duen inguru geologiko hori, nola sortu zen, hainbat bitxikeria inguruari buruz...
195 geoparke daude munduan, UNESCOk hala izendatuta. Zerk egiten du Geoparke hau berezi?
Flyschak nahiko ohikoak dira munduan, baina beste leku batzuetan apurtuta, tolestuta edo kopuru oso txikian agertzen dira. Gure kostaldeko flyschak, ordea, 14 kilometroko luzera dauka. Kaparik zaharrena Mutrikun dago, eta 110 milio urte ditu; berriena, aldiz, Zumaian, eta 50 milioi urte ditu: bata eta bestearen artean 60 miloi urteko aldea dago, eta horrek leku oso interesgarria bihurtzen du Lurrari buruzko informazioa jasotzeko.
Uste duzu inguruko jendeak flyscha ezagutzen duela?
Uste dut Ermuko jendeak, adibidez, badakiela zer den, baina ez daki ezer formakuntzari buruz, ematen digun informazioa, atzean dagoen historia... Nik neuk ere ez nekien, eta asko ikasi dut lanari esker. Jendea ez da konturatzen ondoan altxor geologikoa daukagula, hain justu oso gertu daukagulako.
Zein da bisitarien profila?
Gehienak katalanak eta frantsesak dira, baina azkenaldian aleman, italiar eta ingeles ugari hurbildu zaizkigu, baita latinoamerikarrak ere: argentinar asko, mexikarrak...
Beste hizkuntza batzuetan ere aritu beharko zara...
Normalean gaztelaniaz aritzen naiz, baina egiten ditut saio batzuk euskaraz ere, eta talde pribatuentzako saioak, normalean, ingelesez izaten dira. Frantsesez hitz egin behar denean, lankide bat arduratzen da.
Eta adinari dagokionez, zer da ohikoena?
Familiak, jubilatuak... Esango nuke lengoaia nahiko teknikoa erabiltzen dugula, eta umeek ez dute askorik ulertzen. Eskolentzako saioak egiten ditugunean, aldiz, oinarrizkoa azaltzen dugu bakarrik, gero musika jarri eta paisaiaz gozatzen dugu.
Jendeak galderak egiten dizkizu?
Batzuetan bai, baina gehienak lotsatu egiten dira. Beste gutxi batzuk, zu harrapatzera doaz, zu baino gehiago dakitela erakustera-edo.
Gogoan daukazu zure lehen bidaia?
Bai, oso-oso urduri nengoen, baina lankide batekin joan nintzen, eta horrek lasaitu ninduen.
Anekdotarik daukazu?
Askotan gertatu izan zait itsasontzian geologoren bat etortzea, eta bidaia bukatutakoan niregana etortzea datu gehiago edo informazioa partekatzera. Asko estimatzen dut.
Zenbat bidaia egin ditzakezu egunean?
Batzuetan bizpahiru izaten dira, eta egunik onenetan, gida bakoitzak sei bidaia egin ditzake. Bidaia horietako bakoitzean, patroi eta marinel bana datoz gurekin itsasontzian, eta 39 bisitari eraman ditzakegu itsasaldi bakoitzean.
Oinez ere egiten dituzu bidaia batzuk...
Bai, baina ez da ohikoa. Talde pribatuentzat egiten ditugu, edo itsaso zakarra dagoenean. Egun horietan Itzuruneko hondartzara joaten gara, San Telmora gero...
Itsasontzian edo oinez nahiago?
Askoz gehiago gustatzen zait itsasontzia. Onartu behar dut batzuetan beldur apur bat pasatu izan dudala, itsaso zakarra egon izan denean, baina tira, zentzudunak gara eta horrelakoetan portura bueltatzen gara.
Etorkizunean horrelako lan batean ikusten duzu zure burua?
Bai, izan daiteke. Asko gustatzen zait egiten ari naizena eta eroso sentitzen naiz publikoaren aurrean hitz egiten.