Irailaren 11tik 14ra bitartean ospatuko da XX. Folkez Blai jaialdia. Sei talde sailkatu dira finalera eta horietatik hiru euskaldunak dira: Ache Pa Ti (Iruñea), Harribitxi (Bilbo-Burlata), Gorrondatxe (Getxo). Matazúa eta Entos taldeak Asturias aldetik etorriko dira eta Xara taldea Maldrildik. Urtero bezala, talde gonbidatu desberdinek osatuko dute kartela: Galiziatik etorritako Milladoiro eta Antía Caaveiro, Antón Lago & Xosé Liz; eta Kataluniako XIX. edizioko irabazlea, Golconda taldea.
Argazkia: Manuel Moreno.
Horiez gain, kalejirek alaituko dituzte jaialdiaren lehen eta azken egunak, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin, eta Foulareda eta Alboka Musika Eskolako trikitilariekin.
7.500 euro saritan
Lehen postuan geratzen den taldeak 3.500 euroko saria jasoko du eta bigarrenak 2.000 eurokoa. Aurten Golcondak egingo duen bezala, talde irabazleak gonbidatu gisa jotzeko aukera izango du datorren urtean, XXI. edizioan. Gainontzeko taldeek 500 euroko dirusaria jasoko dute finalera ailegatu eta kontzertua eskaintzearren.