Errotabarriko kadeteek bosgarren postua egin zuten Gojko Vucinic txapelketan

Ander Gomez 2025ko ira. 9a, 14:12

Eskubaloi zaleen topaleku bihurtu zen Elgoibar asteburuan, Gojko Vucinic-en omenezko txapelketan. Euskal Herri osotik etorritako gazteak elkartu ziren bertan, haien artean Errotabarriko neskak. Argazkiak: Barren, Sanlo Eskubaloia.

Ostiraletik igandera, Gojko Vucinic memorialaren zazpigarren edizioa jokatu zen Elgoibarren. Sanlo eskubaloi taldea anfitrioi zela, Euskal Herri osotik etorritako taldeak batu ziren bertan: Eibar, Zumaiako Pulpo, Oreretako Ereintza, Zumarragako Urola, Iruñako Anaitasuna, Burlatako Malkaitz eta Errotabarri bera. Loiuko Urdaneta etaTolosa ere bertan izan ziren, baina mutilen taldeekin soilik.

Iaz gertatu bezala, Pulpo taldeko neska-mutilak izan ziren garaile bi kategorietan. Nesken iazko finala Errotabarriren kontra izan zen, eta 22-19 markagailu estuarekin zilarra lortu zuten ermuarrek. Aurten, bosgarren postuarekin bueltatu dira, baina garrantzitsuena ere ekarri dute etxera: pasio bera konpartitzen duten inguruko gazteekin asteburu eder eta aberasgarria bizitzearen esperientzia.

Horrela geratu zen nesken kategoriako sailkapena:

  1. Pulpo E.K. (Zumaia)
  2. Anaitasuna (Iruñea)
  3. Sanlo (Elgoibar)
  4. Ereintza (Errenteria)
  5. Errotabarri (Ermua)
  6. Urola (Zumarraga)
  7. Eibar eskubaloia (Eibar)
  8. Malkaitz (Burlata)

Sariei dagokionez, iaz Leire Burdell ermuarrak Atezain Onenaren Saria jaso zuen moduan, aurten Eibarko June Suquiari eman zioten. Jokalari aipagarrienaren saria, berriz, Anaitasuna taldeko Nahia Mendezek jaso zuen.


Leire Burdell 2024ko Atezain Onenaren saria jasotzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.