Urrian hasi eta urte bukaerara bitartean, zortzi tailer proposatu ditu Ermuko Emakumeen* Ahalduntze Eskolak. Horietatik lau ordainpekoak izango dira: 9-15 urteko neskentzako capoeira klaseak (Sabine Rahde hezitzailearekin), barre-terapia tailerra (Bea Larrañaga clown artistarekin), menopausian nola elikatu ikasteko saioak (Mireia Alberdi nutrizionistarekin) eta hizkuntza inklusiboan komunikatzen ikasteko tailerra (Leire Abaigar Elorza kazetariarekin). Gainontzekoak doakoak izango dira: Erdi Arotik gaur egunera arte emakume italiarrek utzitako literaturaren lanketa, sexu-heziketa saioa (Lola Dacosta sex coach-arekin), zaintza eta etxeko langileen topagunea, eta indarkeria matxista jorratzen duen zinearen inguruko tailerra ("Memorias de un cuerpo que arde" eta "Soy Nevenka" filmekin).
Ikastaroez gain, bi argazki erakusketa egongo dira, biak doakoak eta Emakumeen Topalekuko hormetan zintzilikatuko direnak. Alde batetik, bertan gauzatu zen argazki-tailer feminista bateko emaitza erakutsiko da, urriaren 1etik 31ra. Bestetik, Iratxe Ugaldek eta Sonia Garcíak Ermuko Emakumeen Ahalduntzerako Zentroaren historia bildu dute argazkitan, eta "Cuando espabilamos" izenburupean aurkeztuko dute azaroaren 3an. Beste bi hitzordu berezik osatzen dute programazioa: Las Poderosas antzezlanaren emanaldia, azaroaren 30an, Lobiano Kulturgunean; eta adimen artifiziala ahalduntze tresna gisa erabiltzeko hitzaldia, abenduaren 11an, Emakumeen Topalekuak. Azken hauek ere doakoak izango dira.
Hitzaldiko eta ikastaroetako plazak mugatuak dira, eta erreserba egitea derrigorrezkoa izango da. Izena emateko gerturatu Emakumeen Topalekura edo deitu 943171030 telefonora.