Ermuan 1583an jaio zen neskatotxoa ondasun askoren jabe izatera deitua zegoen eta bere kategoriako pertsona bati zegokion heziketa jasotzeko Mutrikuko Aritzeta konbentuan sartu zuten, oraindik ume. Sasoiko ohiturei jarraituz, familiak bere ezkontza adostu zuen eta Pedro Idiakez izan zen aukeratua. Baina maiorazkoa izan ez eta ez zitzaiela komeni iritzita, tratua apurtu zuten. Gazteek baina elkarrenganako jakinmina asetzeko, erdi ezkutuan hitzordu bat lotu eta leihotxo batetik eskuak lotuz, betiko maitasuna agindu zioten elkarri.
Isabelen familiak beraien artekoa onartuko ez zuela konturatuta, ihes egitea erabaki zuten. Pedrok senide eta zerbitzari batzuen laguntza izan zuen iheserako plana aurrera eramateko eta, ez gora-behera gutxirekin, bikoteak lortu zuen Mutrikutik hanka egitea eta Deba ibaia zeharkatuz, mendiz Azkoitira ailegatzea, Pedroren etxekoen babesera. Gainetiko egunetan ezkondu ziren, baina Isabelen senideek bere gogoz kontra eraman eta ezkonarazia izan zela salatu zuten.
Urteetako liskar eta prozesu judizialetan sartu ziren bi familiak, eta urak bere ubidera ekartzeko Felipe II.ren arreba Maria Enperatrizaren eskuhartzea ezinbestekoa izan zen, ezkontza balekotzat emateko eta Lobianotarrei galdutako ohorea itzultzeko.
Hirugarren semearen esperoan zegoela alargun gelditu zen Isabel. Ez zen berriro ezkondu eta bere ondasunak baliatu zituen, besteak beste, konbentu berri bat eraikitzeko Mutrikun. Hemen bizi eta zendu zen, 1673an eta bere izena daraman kalea du bertan, portu gainean.
Isabel Lobiano kalea, Mutrikun.
Bere maitasun istorioaren nondik norakoak ezagutzera emateko lagungarri dira 1999an Jose Antonio Azpiazuk argitaratutako Historia de un rapto, Isabel de Lobiano y Pedro de Idiaquez, un retrato de la sociedad vasca de finales del siglo XVI eta 2009an Manuel de Ordoñanak idatzitako Arbol de sinople liburuak. Bestalde, zinemara ere egin du jauzia eta 2015ean Mutrikuko Film Laburren Motz Motzian lehiaketa irabazi zuen Nerea Arrizabalagaren Isabel lanak, berton ikusgai. Wikipediako bere biografia irakurtzeko egin klik hemen.
Lorea Perosanz ilustratzaileak sortutako Isabelen zaldi gaineko irudia.