Urriaren 19an ospatuko da minbiziaren aurkako martxaren XI. edizioa Ermuan. Iaz bezala, 3100 dortsal jarri dituzte salgai, ibilbideak 3.4 kilometro inguru izango ditu eta bakoitzak bere erritmoan egin ahalko du. Helmuga Orbe Kardinalaren plazan izango da eta, bertan, jasotako diruaren txeke sinbolikoa emango diote aurtengo ikerkuntzaren zuzendariari. Aurten, bildutakoa Biobizkaia Osasun Ikerketarako Insitutuko Andrea Sáez de Cámara doktoreak zuzendutako ikerketa-proiektura bideratuko da: “‘Off the shelf’ CAR-NK immunoterapia: hematologia-minbizi errefraktario edo errepikariaren aurkako immunoterapiarako hobekuntza eta ikuspegi berriak”.
2024an, CIC bioGUNEko Malu Martínez-Chantar ikertzaileak jaso zuen txekea. Argazkia: Kontxi Muñoz.
Haur zein nagusi, kirolaria izan edo ez izan, antolakuntzatik ermuar guztiak gonbidatu dituzte martxara batzera eta kausa solidario honetan laguntzera. Izen-emateak 10 euroko kostua du eta, horren truk, martxako dortsala eta kamiseta jasoko dute partaideek. Merkatu plazan eskuratu daitezke asteartetik ostiralera goizez (10:00etatik 12:00etara) eta arratsaldez (17:00etatik 19:30era). Larunbatetan goizez bakarrik egongo dira, baina ordu bat gehiago (10:00etatik 13:00etara).