Toubkal (4167 m) mendira igo ginen Atlas garaian, Afrika iparraldeko altuenera. Mandoek ezin zuten aurrera egin, elurra oztopo, beraz, zamaketariak kontratatu genituen. Haiek oinarrizkoa eraman ziguten. Guk, bitartean, nahikoa lan genuen hotzari eta altuerari aurre egiten. Aterpe zaharraren hormei ura zerien txorroka. Horren ondorioz, apenas deskantsatu genuen ezer.
Hurrengo goizean tontorrera heldu ginen, pioleta eskuan eta kranpoiak oinetan. Bertan, lekurik altuenean egotearen bertigoa sentitu genuen, paisaia txuri izugarriak inguraturik. Jaitsiera majo zaildu zigun elur erori berriak; izan ere, belaunetatik gora iristen zitzaigun. Hala ere, ezustekorik gabe ailegatu ginen behera.
Basamortuan kontrastea etorri zen gero: urre koloreko duna-ozeanoa, isiltasun osoa. Nahiz eta bero egiten zuen gertaera batek dardarka jarri gintuen: furgonetako giltza bakarra galdu zen. Azkenean, sustoa besterik ez zen izan; gaitz erdi.
Marrakexhen ere izan ginen, hango Jamaa el Fna plaza zaratatsuan. Gogoan ditugu azoketako kaos bizia, espezia usainak, kalezulo amaigabeak...
Furgoneta bueltan hautsez eta tramankuluz beteta ekarri genuen, gu, berriz, oroitzapen ahaztezinez gainezka: mendi elurtuak, basamortuko harea eta lurralde xarmagarri baten berotasuna.