ARTARRAI 50. URTEURRENA

Koldo Aranberria, Nordkapp-Galdhøpiggen (Norvegia), 1995

Artarrai Mendi Taldea 2025ko urt. 1a, 00:00

1995eko udan, bederatzi lagun, motxilak eta hornigaiz betetako kutxak aldean, eta alokatutako furgonetan gainezka egiten zuen ilusioz beteta, Ipar Lurmuturrerantz abiatu ginen, Europan beste edozein toki baino iparralderago dagoen muturrerantz, hain zuzen ere. Ez zegoen ez Internetik, ez GPSrik ibilbidea antolatzeko. Zenbait mapa, koroak, frankoak eta markoak bihurtzeko kalkulagailua, eta gaztaroko grina, besterik ez.

Furgoneta izan zen gure etxea 11.000 kilometrotik gorako bidaia hartan. Dozena bat herrialde zeharkatu genituen, errepide sigi-sagatsuak eta fiordoak; Europako iparraldeko zeruen babespean egiten genuen lo, sekula ilundu gabe; eta, gogoak agintzen zigunean, ur gardeneko lakuetan eta herrixketan gelditzen ginen.

Unerik gogoangarrienetakoa Galdhøpiggen mendira igo ginenekoa izan zen, alegia, Norvegiako eta Eskandinaviako punturik garaienera. Algaraka, aire izoztua arnastuz eta beste mundu batekoak ziruditen urruneko glaziarrek liluratuta egin genuen igoera.

Internetik gabe, gure erabakiak denon artean hartzen genituen, eta nork bere ekarpena egiten zuen. Musika irrati kasetedun zahar batean entzuten genuen, eta une zailei pazientziaz eta talde-lanean egiten genien aurre. Herrialdeetako txanponek, ezberdinak denak, buruhausteak eragiten zizkiguten etengabe; aditu bihurtu ginen ekonomian, legea urratuta furgoneta nekazaritzako gasolio merkeagoz hornitu, eta bertakoekin zuzeneko trukea egiten genuen: gure alkohol-botilak elur-oreinaren (poro, finlandieraz) haragiaren truke onartzen zituzten, irribarrez eta begi-keinua eginez.

Azkenean, iritsi ginen Ipar Lurmuturrera, ezer, ezertxo ere ez!, ikusten uzten ez zigun lainopean.

Hainbesteko ahalegina ezertarako ez? Ez horixe!, pentsatu genuen ustezko zeruertz mugagabeari begira, jakinaren gainean gure helmuga geografikora ez ezik, gailur emozionalera ere iritsiak ginela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.