Ramón Piñeiro, Pobeda Peak (Txina), 1997

Artarrai Mendi Taldea 2025ko ira. 16a, 12:21

Atzera begira jarrita, denbora zein azkar igarotzen den ohartzen zara... Ez da nire lehen mendia, ezta gehien gustatzen zaidana ere, beste batzuetan bertan baino gehiago gozatu nuen, baina hauxe da gehien gorrotatu nuena, gogoratu nahi ez dudan oroitzapena utzi zidalako...

Duela 35 urteko uztaila... Kanpamendu nagusira iritsi ginen: "Demontre, bai handia, tamaina ikaragarria du!". Egundoko zirrara sortzen badu ere, badakigu nora goazen, baina errealitatea fikzioari gailentzen zaio.

Hilabete daramagu mendia behatzen, mendi basati, zail eta oso hotz hori.

Gaurko eguna ez da gainerakoak bezalakoa, azken kanpamendutik gailurrera abiatuko baikara. Egun argiz zein gauez, hotza jasanezina da. Ura berotzen bukatu, eta oinetakoak jantzi orduko, izoztuta dago berriro; egunero berdin, hau etsipena! Dendatik gailurrera ez dago ia desnibelik, 600 m inguru, baina bai tarte luzea, 12 km edo. Bisutsa ari du, ez oso zakarra, baina bai are hotz handiagoa sentitzeko modukoa. Altimetroaren arabera, tontorrean gaude, eta gure aztarnak besterik ez dugu ikusten, bisutsak azkar asko estaliko dituenak. Dendara itzultzea eta lo-zakuan sartzea baino ez darabilgu gogoan. 24 ordu joan dira, uste dut, baina ziur nago muga fisiko eta mentalera eraman gaituela.

Esan ziguten bezala, zortzimilako asko baino zailagoa da, eta guztietan hotzena. Mendiak gorrotatzeko leku ezin hobea da.

Pobeda Peak, handia, zaila, basatia eta hotza, oso hotza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.