ARTARRAI 50. URTEURRENA

Alberdi anaiak, Aconcagua (Argentina), 2008

Artarrai Mendi Taldea 2025ko urt. 1a, 00:00

Jose Miguel Dasilva, Luis Canales, Javi Alberdi eta Ina Alberdi 2008ko abendutik 2009ko urtarrilera bitartean joan ginen Aconcaguara (6.962 metro) Los Pionerosetik, estilo alpinoan. 

Aklimatazioa mendian bertan egin genuen; horretarako, kanpamentu nagusitik gora beste hiru gehiago jarrita. Nahiz eta teknikoki ibilbide erraza izan, erronka izugarria da honako faktore hauengatik: altuera, klima oso aldakorra, eskakizun fisikoa, eta elur kopurua (sasoiaren arabera, gehiago edo gutxiago).

Hango gidariek sarri esaten dute: hirugarren kanpalekura iristea (Berlin aterpea, 5.930 m) ez da bidearen erdia besterik. Beste erdia gailurrerako eguna da. Hona hemen egun horren kronika:

Goizaldeko 03:30ean esnatu, eta elurra urtzeari ekin genion, igoeran ura izateko. Ez zen batere lan erraza izan, denda txikiaren barruan mugitzeko leku gutxi baitzegoen. Dendaren kanpoan, berriz,  sekulako hotza: 25 gradu zero azpitik.  05:30 inguruan abiatu ginen. Ilusioa egiten zigun 930 metro igo beharrak. Zerua izarratua. Egunsenti ederraz gozatu ondoren, eguzkiak atseginago egin zuen igoera.

Pausoz pauso igo ginen elur bota berrian gora. “Independencia” (6.360 m) izeneko aterpe txikira iritsi ginen; erortzear zegoen arren, bertan hartu genuen atseden. Aterpetik gorakoa oso nekagarria izan zen, sekulako elurtza zegoelako. Javi zihoan aurrean bidea zabaltzen, eta izugarri lagundu zigun horrek. La Cueva (6650 m) izeneko lekura heldu ginen. Bagenuen denbora gailurrera iristen saiatzeko, baina beste behin, zerua iluntzen hasi zen, eta ekaitza zekarrela zirudien. Hori ikusita, jaistea erabaki zuten Luisek eta Josemik, Javik eta Inak gorantza jarraitu zuten.

Elur mordoa zegoen, eta horrek izugarri gogortu zuen igoera. La Canaleta izeneko inguru maldatsura iristean, urik gabe zeuden jada. 6930 metrotan gelditu eta egoera aztertu ondoren, zera erabaki zuten: Javi eta Ina banandu egingo ziren. Javik tontorrera iristeko moduan ikusten zuen bere burua, Inak, aldiz, ez, deshidratazio sintomak baitzituen. Hori dela eta, beherako bidea hartu zuen.

Javik gorantza jarraitu zuen gailurrera iritsi arte. Bakar bakarrik egon zen puntako gurutzearen aurrean. Elurra ari zuen mara-mara. Zerbait grabatu zuen gailurrean, baina ez zen apenas ezer ikusten, zoritxarrez. Igotako leku beretik jaitsi zen GPS-ko ibilbideari jarraituz.

Beste hirurak dendaren babesean zeuden, Javi noiz iritsiko, lasaitasun urdurian edo urduritasun lasaian. Azkenean, bere ahotsa entzun zuten denda barrutik, eta berehala atera ziren ospatzera. Lortu egin zuen helburua eta zoriontsu zeuden itzuli zelako.

Bizipen ahaztezina izan zen. Talde-giro oso ona eta egun asko mendian. Ba al dago gehiago eskatzerik?

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.