MUGIKORTASUN ASTEA

Bizikleta eta oinezko joan-etorriak sustatzen ari dira Ermuko ikasleen artean

Ander Gomez 2025ko ira. 18a, 07:30

Urtero bezala, Europako Mugikortasunaren Astera batu da Ermua, udalak, ikastetxeek eta txirrindularitza elkarteak antolatutako ekintzekin. Igande honetan bukatuko da, martxa zikloturistarekin. Irudiak: Ermuko Txirrindulari Elkartea, San Lorenzo, Eskolabarri, San Pelayo, Anaitasuna-Ongarai eta Ermuko Udala.

Irailaren 16tik 22ra bitartean, Mugikortasunaren Europako Astea ospatzen ari da Ermuan. Garraio publikoa, bizikleta eta oinezko joan-etorriak sustatu nahi dira, eta horretarako, ekintza desberdinak gauzatzen ari dira:

Eskolabarri ikastetxeko guraso eta irakasleek "Eskolara Oinez" ekimena jarri dute martxan, Herritarren Segurtasun Sailaren laguntzarekin.

Eskolara oinez joateko hautua egin duten ume, guraso eta tutoreak.

Ermuko ikastetxe guztietako LH3ko ikasleek mugikortasun jasangarriari buruzko tailerretan parte hartuko dute.


Mugikortasun jasangarria sustatzeko tailerretan egindako motxilak.

Ermuko Txirrindularien Elkarteak bizikleta-zirkuitu bat dinamizatuko du, bizikletaren erabilera sustatzeko helburuarekin, LH6ko ikasleei zuzendua.

Ermuko Txirrindulari elkarteak ikasleentzako ginkanak antolatzen dihardu eskolako patioetan eta Aritzmendi frontoian.

Igande eguerdian, 12:00etan, Ermuko kaleak zeharkatuko dituen martxa zikloturista egingo da, San Pelaiotik abiatuta. Ermuko Txirrindulari Elkarteak antolatuta, adin guztietako pertsonei irekita egongo da. Horrez gain, haur eta gazteentzako beste ginkana bat antolatuko da San Pelaion bertan, 11:00etan.

2024ko martxa zikloturistaren irteera.

Iaz bezala, martxa hasi aurretik (10:30etik aurrera) bizikletak konpontzeko eta egokitzeko tailerra egongo da, Kalapie elkartearen eskutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.