Ermuko Udalak San Martin azokako ekoizleen erakusketa-lehiaketa arautzen duten oinarriak kaleratu berri ditu. Horien arabera, Bizkaiko udalerrietako ekoizleek bakarrik parte hartu ahal izango dute azokan, eta salbuespen moduan, Eibarko ekoizleak ere onartuko dira. Postuen kopurua mugatua denez, denontzako lekua egongo ez balitz, Durangaldeko nahiz Lea-Artibaiko eskualdeko herrietako ekoizlea izatea lehenetsiko da, eta parte-hartzaileak azokan izan duen antzinatasuna kontuan hartuko da.
Lehiaketak hurrengo atalak izango ditu: fruta eta ortuariak, gazta, sagardoa, txakolina, ogia eta eztia. Baserritarrak bere ustiategian ekoizten dituen produktuak bakarrik saldu ahal izango ditu, eta horrela dela ziurtatzeko antolatzaileek azokaren aurretik ustiapena bisitatzeko eskubidea dute. Horrelakoetan ekoizleek harrera egokia egin behar diote bisitan doan antolatzaile taldeari. Gainera, ezin izango dira saldu baimendu gabeko gaiak, eta produktu guztiek salmenta prezioa izan beharko dute.
Postuak Orbe Kardinalaren plazan zein inguruetako kaleetan kokatuko dira, eta hauek zozketa publikoaren bidez esleituko dira Lobiano Kulturgunean, urriaren 30ean, 19:00etan egingo den ekitaldian. Gazta, sagardoa, eztia eta txakolinetako erakustokiak bi metro eta erdikoak izango dira; fruta, ogia eta ortuarietakoak bi metro eta erdikoak edota bost metrotakoak.
Epaimahaia honako kideek osatuko dute: teknikariek, gaien arabera, eta herriko ordezkariek, eta sari ezberdinak banatuko dira: fruta eta ortuarien lehiaketa-erakusketa: 250 euro eta garaikurra, eta 200 euro; gazta lehiaketa: 125 euro eta garaikurra, eta 100 euro; sagardo lehiaketa: 100 euro eta garaikurra; txakolin lehiaketa: 100 euro eta garaikurra; ogi lehiaketa: 100 euro eta garaikurra; ezti lehiaketa: txilar eztia, 125 euro eta garaikurra; mila-lore eztia: 125 euro eta garaikurra; aipamen berezia: 150 euro.
Ekoizleak
- Izena emateko epea: urriaren 1etik 10era.
- Lekua: Ermuko Udala, Abiapuntu bulegoa. Konbentukoa 3. Ermua (Bizkaia). 08:00ak eta 15:00ak bitartean.
- Oinarriak: San Martin Azoka XXXV oinarriak.
- Eskaera-orria: Ekoizleen Eskaera-Orria.
Artisauak
Artisau azoka nekazaritza azokaren ekintza osagarria da, eta formatu txikikoa da. Izena ematen duten artisau guztien artean, herrikoek izango dute lehentasuna. Jasotako gainontzeko eskabideen artean, antolatzaileek aukeraketa egingo dute, azokaren helburuak kontuan hartuta eta originaltasuna eta desberdintasuna baloratuz. Aukeratutako artisauek jakinarazpena jasoko dute urriaren 25a baino lehen.
Erakustokiak zozketa publikoaren bidez esleituko dira Lobiano Kulturgunean, urriaren 30ean, 19:00etan egingo den ekitaldian.
Artisauak bere lantegian ekoizten dituen produktuak bakarrik saldu ahal izango ditu, eta izena ematerako ordua, argi eta garbi azaldu beharko du zeintzuk produktu ekarriko dituen. Antolatzaileek jarriko dituzte posturako mahaiak (2,20 metrokoak), eta mahai horiei ezin izango zaie bestelako gehigarririk edo karparik jarri.
Publikoari zuzendutako informazio guztiak (kartelak, azalpenak, prezioak...) euskaraz egon behar du, eta produktu bakoitzaren prezioa argi ta garbi azaldu beharko da. Halaber, saltzaileak ahozko harremana euskaraz bermatuko du, azokaren helburu nagusia euskara sustatzea baita.
Artisauak
- Izena emateko epea: urriaren 1etik 14ra.
- Bidea: euskalbirusa@gmail.com helbidera idatzita.
- Oinarriak: Artisauen oinarriak.
- Eskaera-orria: Artisauen eskaera-orria.