Sallabente Auzoko Elkartea, auzoa dinamizatzeko lanean

Dorleta Vidal 2025ko urr. 3a, 14:04

Cande Rueda, ezkerrean, eta Nieves Egia, eskuman, Sallabente auzoan.

2023an eratu zen Sallabente Auzoko Elkartea, hau da, Gipuzkoa Etorbidea osatzen duten San Lorenzo eta San Antonio auzoen alde lan egiteko helburua duen taldea. Hirigintzari eta zerbitzuei lotuta daude elkartearen aldarrikapen gehienak, eta dagoeneko hainbat ekintza jarri dituzte martxan auzotarren aisia dinamizatzeko eta elkar ezagutza sustatzeko.

Gipuzkoa Etorbidean 2.587 ermuar bizi dira: 1.480 San Antonion eta 1.107 San Lorenzon, hau da Ermuko biztanleriaren % 16,5 (Eustat, 2024/01/01). Kopuru altua den arren, bertako hainbat bizilagunek salatzen dute auzoa "abandonatuta" dagoela, tartean Sallabente Auzoko Elkarteko kideek: "Gero eta azpiegitura gutxiago ditugu, argia askotan joaten da, lorategiak ez dira zaintzen... hemen ez da dirua inbertitzen".

Horrez gain, "zabortegiaren luiziak agerian utzi zuen San Lorenzo auzoa baztertuta dagoela, Ermutik banatuta egongo balitz bezala —diote elkarteko zuzendaritza taldeko kideak diren Cande Ruedak eta Nieves Egiak—. Sentsazio hori areagotzen doa urteekin, auzoaren gainbehera nabarmena baita".

Horiek horrela, Sallabente Auzoko Elkartea sortu zen 2023ko urrian, bertako bospasei lagunen ekimenez. Talde irekia eta apolitikoa da, eta euren helburua da auzoaren alde lan egitea, hobekuntzak proposatzea eta bizilagunen eskaerak modu kolektiboan Udalari helaraztea. Lan horiek burutzeko, Udalak berak utzitako bulego batean biltzen dira ia egunero, Miguel de Unamuno Gizarte Zentroan.

Mahai gainean duten egitekoen zerrenda luzea da, izan ere edozer gauza egiteko hirigunera joan behar dira, "Ermura", euren esanetan. "Esaterako, lehen, Miguel de Unamunon nagusientzako zentroa zegoen, eta oso ondo funtzionatzen zuen, baina egun batetik bestera itxi zuten. Auzoan gero eta jende nagusi gehiago dago, eta batzuk ezin dira egunero Ermura joan karta-jokoan aritzera, adibidez. Ondorioz, bakarrik geratzen dira, baztertuta, sozializatzeko aukera gutxirekin", salatu dute.

Dirua eskuratzea ere ez da gauza erraza, ez dago-eta kutxazainik, eta Udalarekin harremanetan daude banketxeei euren eskaera helarazteko. Harekin elkarlanean ere, Ermua Sarean proiektuarekin harremanetan daude, aztertzeko zer egin daitekeen Sallabenten nahigabeko bakardadean dauden pertsona nagusiei laguntzeko.

 

Irisgarritasun arazoak

Taldearen lana pertsona nagusien ongizatea hobetzera bideratuta dago neurri handi batean, izan ere auzoko biztanleen batezbesteko adina gero eta altuagoa da. Esparru horretan, aipatzekoa da auzoak dituen irisgarritasun arazoak, eta elkarteko kideek salatzen dute nonahi daudela traba arkitektonikoak, eta oinezkoen pasabideak ez daudela zero kotan: “Horrek asko zailtzen du gurpil-aulki bat eramateko lana".

Ildo beretik, lurpeko pasabidea konpontzeko eskatzen dute, baina ez bakarrik irisgarritasunari begira: "Pasabidea guztiz zahartuta dago, ez da ia garbitzen, usain txarra dago, iluna da... Erosoa izan arren, jende askok ez du erabiltzen beldurra ematen duelako bertatik pasatzea, eta bada ordua obra egin eta behar bezala atontzeko", adierazi dute taldetik. Euren iritziz, hobetzekoak dira ere kaleen garbitasuna orokorrean, lorategien zaintza, behin eta berriz gertatzen diren ura eta argi mozketak eta hutsik dauden lonjen itxura eta erabilera, besteak beste.

Ekintza kulturalak eta aisialdikoak

Taldeak lanean dihardu dinamizazioaren esparruan baita ere, eta Udalari eskatzen diote, noizbehinka, ikastaroak antolatzea auzoan, denak hirigunean egin beharrean. Bitartean, ikastaro propioak jarri dituzte martxan: meditazioa eta Berbalaguneko bi talde, hain zuzen ere; eta laster abiatuko dira ere irakurketa kluba, kakorratz-lan, joskintza eta eskulanen ikastaroak. Ekintza hauei esker sustatu nahi da jendea etxetik irtetea eta auzoko zein auzotik kanpoko beste pertsonekin harremana izatea. Ekintza hauek doakoak izango dira, eta parte-hartzearen arabera zehaztuko da haien iraupena. Gainera, urrian merkatu txikia egingo da bigarren urtez, elkartearen autofinantzaketa bultzatzeko.

Eginbeharrekoak asko dira, baina ez dira horrenbeste laguntzeko prest daudenak: taldeak hogei kide inguru ditu, 40 eta 60 urte bitartekoak gehienak. "Gazteak ez dira asko inplikatzen, eta haien ekarpenak garrantzitsuak dira guretzat", kexu dira Rueda eta Egia, eta haiek gogotsu jasoko lituzketela adierazi dute. Taldera batu nahi direnek avecinalsanlorenzo@gmail.com helbidera idatzi dezakete, edo elkartearen bulegora joan edozein arratsaldetan. Era berean, zuzendaritzako kideek adierazi dute auzoko beste elkarteekin elkarlana abiatu nahiko luketela, guztien indarrak batuta emaitza hobeak lortuko zituztelakoan baitaude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.