Gaztela-Leongo kultura eta kirol astearen txanda!

Ander Gomez 2025ko ira. 26a, 13:32

Argazkia: Gaztela-Leongo K.E.

Bi aste atzera Extremadurakoak egin bezala, Gaztela-Leongo zentroak bere aste kulturalari ekingo dio gaur. Aurtengo egitarauak bi asteburu hartuko ditu.
Albiste barruan ekintza guztiak eta izen-emate formularioak.

Ermuko Gaztela-Leongo Kultur Etxeak bere kirol eta kultur astearen XXXXIV. edizioa ospatuko du, gaurko banderen igoerarekin hasita. Aurrez zabaldutako egitarauan udaletxekoa eguerdian altxatuko zela jartzen duen arren, zentrotik ohartarazi dute akatsa dela eta arratsaldean izango dela, 18:00etan. Ordu berean jarriko dira Gaztela-Leongo bandera eta ikurriña kultur etxean. Behin igota, umeentzako jolasak hasiko dira bertan, Esporti entrenamendu-zentroak prestatutako ginkanarekin. 19:00etan, elkarteko buru den Carlos Garcíak "Ayeres y desolvidos" liburuaren aurkezpena egingo du, eta, ondoren, ume zein nagusientzako txokolatada egongo da. Zapatu goizean Buztin Eguna ospatuko dute, 11:00etan hasiko den eskulan tailerrarekin; eta arratsaldean kirolaren txanda izango da, atletismo taldeak antolatutako José Merino memorialarekin (lasterketan parte hartzeko epea gaur amaituko da, 22:00etan: izena emateko egin klik hemen). Igandean, 11:30ean, joku tradizionalekin jolasean aritzeko aukera eskainiko dute; eta, 13:00ean, ohore-ardoa egingo dute, bazkideak, lagunak eta udaleko ordezkariak gonbidatuta.

José Merino memorialaren XXXVI. edizioko irteera eta helmuga.

Datorren asteburuan, II. Puzzle Lehiaketa izango da protagonista nagusia. Zapatuan, bakarkako puzzle lehiaketa jokatuko da, 11:00etan; eta binakakoa 17:00etan. Igandean, 11:00etatik aurrera, taldekako kategorian lehiatu ahalko dira puzzlezaleak. Hitzordu guztiak Merkatu Plazan izango dira eta izena aldez aurretik eman beharko da, AEPUZZen webguneko formularioan. Bukatzeko, Gaztela-Leongo Kultur Etxearen elkartasun bazkaria egingo dute, 14:00etan, zentroan bertan.


Iazko lehiaketako partaideetako batzuk, puzzlea amaitzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.