Irailaren 12tik 14ra, FEDUPek (Peruko Unibertsitate Kirol Federazioa) antolatutako unibertsitateen arteko txapelketan parte hartu zenuen, heptatloian. Zer dela-eta bururatu zitzaizun bertan izena ematea?
Nire unibertsitatearen taldeko kide izan nahi nuen, izan ere, FEDUP ez da soilik marka pertsonalak lortzeko plaza bat, baizik eta beste atleta unibertsitarioekin lehiatuz hazteko, esperientzia berriak bizitzeko eta taldearen indarrarekin bat egiteko aukera ere. Gainera, adinagatik, nire azken aukera zen horrelako talde baten parte izateko, eta ez nuen galdu nahi nire unibertsitatea ordezkatzeko aukera, gure unibertsitatean kirolariak oso preziatuak direlako.
Zeintzuk proba osatzen dute heptatloi bat?
Heptatloia emakumezkoek egiten duten zazpi probako diziplina konbinatua da (gizonezkoen aldaera hamar probakoa da: dekatloia). Probak bi egunetan banatzen dira: lehenengo egunean: 100 metro hesiak, altuera jauzia, bala (pisu) jaurtiketa eta 200 metroko lasterketa; bigarren egunean: luzera jauzia, xabalina jaurtiketa eta 800 metroko lasterketa. Nire kasuan, lehen fasean heptatloiaz gain, disko eta xabalina jaurtiketa proba indibidualetan parte hartu nuen. Bigarren fasean, berriz, 4x400 metroko erreleboaren taldearen parte izan nintzen baita ere.
Horietako zein diziplinatan aritzen zara gusturago, eta zeinetan kostata?
Orokorrean, gustura sentitzen naiz proba guztietan, baina badira oraindik landu beharreko alderdiak. Gehien kostatzen zaizkidanak hesiak eta altuera jauzia dira, lan falta eta urduritasuna kontran jartzen zaizkidalako. Horregatik, erronka berezia dira niretzat, eta hobetzeko aukera handiena hor dagoela uste dut.
Proba batean ez badituzu lortzen espero dituzun emaitzak, erraza egiten zaizu ahaztea eta hurrengoari gogotsu heltzea?
Normalean, denbora hartzen dut arnasteko, eta burua hotz izaten saiatzen naiz, txapelketak aurrera jarrai dezan. Ez dut nahi emozio negatiboek hurrengo proban eraginik izatea. Hala ere, astea pasatu ondoren bai hartzen dut tarte bat introspekziorako, gertatutakoa aztertzeko eta hurrengoan hobeto prestatzeko.
Eta zer nolako markak lortu zenituen aipatutako txapelketan?
Heptatloian, proba guztietako emaitzen batura egiten da sailkapena osatzeko. Nire kasuan, urrezko domina lortu dut, 3.585 punturekin. Horrez gain, zilarrezko domina eskuratu dugu 4x400 metroko erreleboan, 4:12.46 markarekin. Bigarren fase horretan, nire unibertsitatea txapeldunorde izan da, eta hori ere lorpen handia da, banakako zein taldeko lanaren emaitza islatzen duelako.
Txapelketak iraun zuen egunetan, etxera joan zinen edo zentroren batean egon zinen taldekideekin elkarbizitzen?
Lehiaketa bukatutakoan, etxera itzultzen nintzen bikotekidearekin eta txakurrarekin lasai egotera. Une horiek funtsezkoak izan ziren niretzat, tentsioa askatzeko, ondo elikatzeko eta hidratatzeko, eta atseden hartzeko, hurrengo jardunaldirako energia berriz eskuratzeko. Horrela, oreka fisiko eta emozionala mantentzea errazagoa izan zitzaidan. Hala ere, pistatik irten aurretik, aukera izan nuen fisioekin terapia saioak egiteko: deskarga masajeak eta baita izotz-bainuak ere. Horrek ikaragarri lagundu zidan sasoia berreskuratzen eta hurrengo egunerako prest egoten.
Zein izan zen txapelketako momenturik onena?
Taldekideekin partekatutako denbora, bai animazio eta laguntzan, bai giro onean egoteagatik. Halaber, oso berezia egin zitzaidan proben arteko atsedenetan gainerako lehiakideekin egon eta esperientziak partekatzeko aukera izatea, elkarren arteko errespetua eta konplizitatea sortu zirelako.
Zure kabuz entrenatzen duzu?
Klub bateko kidea banaiz ere, prestakuntza nagusia unibertsitateko entrenatzaileen gidaritzapean egiten dut. Hala ere, unibertsitateko instalazioak zein VIDENA kirol instalazioetako pista erabiltzeko aukera dut, eta bi esparru horiek uztartzeak entrenamendu osoa eta kalitatezkoa egitea ahalbidetzen dit.
Maila oso handia dago atletismoan Perun?
Gero eta handiagoa. Azken urteotan atleta askok nazioartean lehiatzeko aukerak izan dituzte, eta FEDUPen ere nabari da aldaketa hori: unibertsitate askok atleta indartsuak dituzte eta probak oso lehiatuak izaten dira. Horrek asko motibatzen nau, ingurune horretan entrenatzeak eta lehiatzeak hazkunde pertsonala zein kirol mailakoa bultzatzen duelako.
Eta kirola alde batera utzita, nola moldatzen zara Perun?
Arkitektura ikasten ari naiz Minerva metodologiarekin, ikasketa dinamiko eta parte-hartzaileagoa eskaintzen duen planteamendu pedagogiko berritzaile baten bidez. Horrez gain, Peruko kultura eta bizimodua modu sakonagoan ezagutzeko aukera izaten ari naiz, eta nire etorkizuneko ibilbide profesionala osatzeko. Oso pozik eta eskertuta nago hemen bizitzen ari naizen guztiarekin: esperientzia hau nire bizitzako etapa aberasgarrienetakoa bihurtzen ari da.

