Euskal Birusaren bazkidetza kanpainarako irudia atera dute

Dorleta Vidal 2025ko ira. 28a, 17:31

Euskal Birusa Elkarte Kulturalak jakinarazi duenez, bazkide berriak lortzeko kanpaina burutuko du urriaren 8tik azaroaren 8ra bitartean. Berau sustatzeko, argazki jendetsua atera dute gaur eguerdian, San Pelayoko parkean, eta 400 lagunetik gora batzea lortu dute. Argazkiak: Mikel Madarieta.

Euskal Birusa Elkarte Kulturalak duela 17 urte egin zuen azken bazkidetza kanpaina (2008an) eta, kide kopurua handitzeko helburuarekin, deialdia egingo du udazken honetan ere, urriaren 8tik San Martin azoka egunera bitartean (azaroak 8), hain zuzen ere, "Baietz 300, berriro!" lelopean. Elkarte horrek hainbat ekintza burutzen ditu urtean zehar herrian euskara sustatzeko helburuarekin eta, horiei guztiei jarraipena emateko, ezinbestekoa da bazkideen ekarpena: San Martin azoka, Drogetenitturri aldizkaria eta Drogetenitturri.eus webgunea, San Juan sua, Hartza Eguna, Ermuan Kantuan, Laburbira eta Berbetan jardunaldiak, besteak beste.

Gaur egun elkarteak 270 bazkide inguru ditu eta, aurten burutuko den kanpainarekin, 300 bazkide izatera heltzea da erronka. Arduradunek azaldu dutenez, "bazkideek elkartearen jarduna ekonomikoki babesten dute, baina horrez gain jardun horren berri jasotzen dute eta horiekin eta elkartearekin lotutako erabakietan parte har dezakete, nahi izanez gero". Taldera batu nahi direnek elkarteak banatuko duen diptikoa bete ahal izango dute, drogetenitturri.eus webgunean egongo den lotura erabili edota Euskal Birusaren bulegora gerturatu (Erdikokale zeharbidea 2, 1. pisua).

Urteko kuota arrunta 44 eurokoa da, eta gazteek, pentsiodunek eta langabetuek, aldiz, 25 euro ordaindu beharko dituzte.

Argazki jendetsuak

Kanpainari ikusgarritasuna emateko, argazki erraldoia egin dute gaur, 13:00etan, San Pelayon. Azken argazki jendetsua 2008an atera zen, "Euskaraz bagara" izenburupean, eta aurrekoa 10 urte lehenago, 1998an, "Guk euskarari bai" leloa erabilita.

1998ko argazkirako 200 lagun bildu zituzten, eta 2008an 300 lagun elkartzea lortu zuten. Aurtengo argazkirako, beste ehun euskaltzale gehiago batzeko erronka bota zuen Euskal Birusak, eta aise gainditu du 400 lagunen muga.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.