Goitondoko autobus geltokia egokitu da

Drogetenitturri 2025ko ira. 29a, 11:27

Esku-hartzeak badia bat, espaloi bat eta markesina bat jasotzen ditu, eta geltokiaren irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea du helburu. Lanak Campezo obra eta zerbitzu enpresak egin ditu, 79.575,59 euroko aurrekontuarekin, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren 50.135,02 euroko diru-laguntzarekin finantzatu dira.

Mallabiko Udalak abuztuan burutu ditu Goitondoko autobus geltokia egokitzeko lanak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Esku-hartzeak geltokiaren irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea izan dute helburu, oinezkoentzat eta garraio publikoa erabiltzen dutenentzat ingurune eroso eta funtzionala eskainiz.

Obrak Goitondoko industrialdean —BI-2301 errepidean, 44+640 puntu kilometrikoan— egin dira. Autobusak gelditzeko badia bat egin da, 18 metroko luzera duena, 12 eta 10 metroko bi zirirekin, 3 metroko zabalerarekin eta errepidearen ertzetik 0,5 metro gehigarrirekin. Horrez gain, 2 metroko zabalerako oinezkoentzako espaloi bat egin da, geltoki berria oinezkoen pasagunearekin lotuz. Azkenik, espaloiaren ondoan markesina bat ere jarriko da, oraindik egiteke dagoena, garraio publikoaren erabiltzaileei erosotasun handiagoa eskaintzeko.

Lanak Campezo Obras y Servicios SA enpresak burutu ditu, guztira 79.575,59 euroko aurrekontuarekin. Horietatik, 50.135,02 euro diru-laguntza bidez finantzatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Mallabiko Udalak nabarmendu du esku-hartze honek irisgarritasun eta mugikortasun jasangarria bultzatzen dituela, oinezkoentzako segurtasuna eta erosotasuna hobetuz eta Goitondoko industrialdean garraio publikoa modu errazagoan erabiltzea ahalbidetuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.