Adierazpen artistikoa eta osasun fisiko-kognitiboa lantzeko ekintzak abiarazi ditu jubiletxeak

Ander Gomez 2025ko urr. 1a, 13:26

Argazkiak: Jubiletxea.

Ermuko Pasialeku Nagusien Elkarteak ikasturte berria hasi du gaur, jubilatuei zuzendutako denetariko ekintzekin: antzerki taldea, mendi irteerak, petanka, dantza ikastaroak, entrenamendu kognitiboa, yoga eta pilates saioak... Jarduera guztiak profesionalek gidatuko dituzte, eta partaide bakoitzaren erritmoa eta ahalmenak kontuan hartuta burutuko dira.

Gorputza mugitzeko jarduerak

Aurtengo eskaintzaren barruan, gorputza aktibo mantentzeko eta osasun fisikoa zaintzeko hainbat jarduera izango dituzte jubilatuek, hala nola: pilates, yoga, yoga onkologikoa (minbizia duten edo izan dutenentzat) eta mantenu gimnasia. Horiez gain, naturarekiko lotura eta harreman sozialak sustatzeko kanpoko jarduerak ere izango dituzte: hilero mendiko irteerak inguruetan, eta petanka klase eta txapelketak.

Sormena pizteko ikastaroak

Adierazpen artistikoa mugimenduaren bidez lantzeko, dantza estilo desberdinak ikasteko saioak egongo dira, eta sevillanek aparteko ikastaroa izango dute. Artea sormenetik lantzeko, berriz, beste bi talde eratuko dira: eskulan tailerra eta antzerki taldea.

Burmuina entrenatzeko saioak

Aipatutako jarduera fisiko eta artistiko gehienek burmuinaren aktibazioa eta ongizate mentala sustatzen badituzte ere, gaitasun kognitiboak lantzeko bereziki pentsatutako ekintza bat ere eskainiko da: Burulogy izeneko entrenamendu mentala, saio dinamiko eta egokituekin.

Jubiletxetik jakinarazi dute pertsona bakoitzak nahi adina jardueratan eman ahalko duela izena. Ekintza batzuetako plaza mugatuak dituztenez, ahalik eta lasterren erreserbatzea gomendatu dute. Inskribatzeko edo besterik gabe informazioa jasotzeko, gerturako jubiletxeko bulegora astegunetan, goizeko 10:30etik 12:30era.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.