Pasa den astean, Ermuko Udaleko bost taldeek trafiko astuna murrizteko mozio bateratua aurkeztu zuten, mendebaldeko saihesbidea eraikitzen den arte behin-behineko irtenbide gisa. Bertan, 3.500 kilogramotik gorako ibilgailuei 24 orduko debekua jartzea proposatzen zuten; Goitondora doazenei ez ezik (gaueko ordutegian bakarrik mugatuz). Mozioa astearteko osoko bilkuran eztabaidatu zen eta aho batez onartu.
Udal-taldeetako bozeramaileen adierazpenak
Hasteko, Javier Sanchezek (PP) azaldu zuen saihesbidea “behin betiko konponbidea” izango dela, baina bitartean, behin-behineko neurri hauekin "herritarren bizi-kalitateak hobera" egingo dutela. Julen Dominguezek (Elkarrekin Ermua) adierazi zuen “erabateko debekua” nahiko luketela, baina mozioa babestu dutela “egungo testuingurua kontuan hartuta, egoera hobetuko duelako”. Jol Gisasolak (EAJ) gaineratu zuen neurria “bideragarria eta jasangarria" dela eta nabarmendu zuen erabakia udal-talde guztien babesarekin hartu izana. Paul Yarzak (EH Bildu) esan zuen erabakia ez dela era inprobisatuan hartu, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta baizik, eta bere jarrera salatu zuen: “Ermua ez da inoiz Aldundiaren agendan egon, eta badirudi oraindik ez dagoela”. Guztiek herri-plataformaren lana eta presioa baloratu eta eskertu zuten.
Julen Domínguez, Paul Yarza, Jol Gisasola eta Javier Sánchez.
José Manuel López hirugarren alkateordeak azaldu zuen 2024ko abendutik egon dela "ia hilero esku-hartze, gutun, bilera edo bestelako komunikazioren bat udalaren aldetik", eta hala jarraituko dutela "azken helburua lortu arte: Mendebaldeko saihesbidea eraikitzea eta herriguneari ez dagokion trafikoa behingoz kentzea".
Plataformaren zalantzak eta alkatearen erantzuna
Sahiesbidearen Aldeko Plataformako kideek ere hitza hartu zuten, eta pozik agertu ziren, "denbora luzez halako proposamenek ezezkoa jaso ostean, orain denok abiapuntu komun batera iritsi garela dirudielako". Era berean, neurrien inguruko hainbat galdera egin zituzten: nola gauzatuko diren lege aldetik, nola jakinaraziko zaien enpresei eta garraiolariei, noiz ezarriko diren, nola seinaleztatuko diren eta zein izango den egutegi zehatza.
Plataformaren bozeramailea osokoan.
Beatriz Gámiz alkateak azaldu zuen prozedura alegazioei eta txosten tekniko-juridikoen emisioari lotuta dagoela, eta, hortaz, ezin zuela egutegi zehatzik eman. Denbora ez, baina bai zehaztu zituen mozioa onartu ondoren eman beharreko pausuen zerrenda: beharrezko txostenak eskatzea; neurrien zabalkundea; enpresek, entitateek eta pertsonek alegazioak aurkezteko epea irekitzea (15 egun); alegazio horiei erantzuteko tartea hartzea; Alkatearen Dekretua idaztea; eta bukatzeko, neurriak praktikan jartzea. Data zehatzik eman ez zuen arren, urte erdi baino gutxiagoan guztia eginda egon beharko litzatekeela estimatu zuen.
Beatriz Gámiz eta José Manuel López.
Atzerapenen inguruko kezkak
Javier Sanchezek ohartarazi zuen atzerapen gehiago egonez gero, baimenak eta ebaluazio-txostenak berriro ere iraungi daitezkeela, aurrez gertatu zen bezala. Jol Gisasolak seinalatu zuen epe guztiak betetzen ari direla diotela Aldunditik, baina, aldi berean, Markina-Xemein eta Etxebarria arteko saihesbidean atzerapenak egongo direla konfirmatu berri dela. Paul Yarzak Subflubialaren arazoa jarri zuen mahai gainean: “2026an lizitatzen denean, enpresak horretara aurkeztuko dira ziurrenik, saihesbidearen ‘obra txikia’ albo batera utziz”. José Manuel Lopezek esan zuen argi dutela atzerapenak egongo direla, eta ez dutela baztertzen berriro kalera irtetea, udal-talde guztiekin, plataformarekin eta herritarrekin adostutako mobilizazio batean.
Aurtengo udaberrian onartu behar zen Urtiako proiektuaren atzerapena ere izan zuten mintzagai eta, osokoa bukatu ostean, honen inguruko prentsa oharra zabaldu zuen Saihesbidearen Aldeko Plataformak (irakurtzeko egin klik hemen).